Bost proiektu artistiko aukeratu dituzte Tabakalerak eta EHUk
Tabakalerak eta Euskal Herriko Unibertsitateak 2023 urtean bi erakundeek elkarlanean abian jarri duten egonaldi programan parte hartuko duten sortzaileak eta proiektuak aurkeztu dituzte gaur goizean. Egonaldi programa berriak Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du.
Egonaldi programak lotura estua du EHUko Arte Ederren Fakultateko Arte Garaikide eta Performatiboa Masterrarekin, eta ikerketa, sormena eta artearen, zientziaren eta teknologiaren profesionalizazioa sustatzea du helburu. Historian zehar, arteak askotan bat egin du zientziarekin eta teknologiarekin. Gaur egun, teknologiak gure egunerokotasunean izan duen bilakaerak eta ezarpenak aipatutako diziplinen bat egitea eragin du, eta horrek arte adierazpen berriak sortzea ekarri du; horiek izango dira, hain zuzen ere, Tabakaleran biziko diren praktiken ardatz nagusia.
Bost sortzaile izan dira aukeratuak martxoaren 17tik 31ra zabalik egon zen deialdian jasotako proposamenen artean. Gaurtik hasita, sei asteko egonaldia egingo dute Tabakalerako Artisten Gunean euren proiektu artistikoak garatzeko. Hauek dira egonaldia egingo duten sortzaileak eta proiektuak: Antton Goikoetxea, s/t; Pama Canoles, Oleajes Eléctricos; Danel Garay, La ciudad invisible; Victoria Ascaso, Alma 1.0; eta Oriol Pares, Quantum Harmonic Oscillator.
Tabakaleran egingo duten egonaldian aukeratutako sortzaileek euren proiektuak garatzeko tokia, testuingurua eta denbora izango dute. Gainera, EHUko eta Tabakalerako kideen laguntza jasoko dute, egitasmoen jarraipena egingo dute eta horiek garatzeko ezagutza teknikoa eskainiko dieten zenbait adituen laguntza ere izango dute. Egoiliarrak CIRCE (Creative Impact Research Centre) programarako Tabakalerarekin elkarlanean sorkuntza prozesuetan lanean ari diren zenbait ikerketa zentroetako profesionalekin eta artistekin harremanetan egoteko parada izango dute.
CIRCE kultura eta sormen industriei laguntza eskaintzeko eta industria horiek Europan duten eragina indartzeko Europa mailako gogoeta taldea da. Nabarmentzekoa da UPV/EHU Tabakalera egonaldiaren azken egunak eta Europa osoko kultur eragileak bilduko dituen CIRCEren osoko bilkura egun beretan ospatuko direla Tabakaleran.