Bost urteko kartzela zigorra jarri diote gizon bati, bere bikotekidea bortxatzeagatik
Gizon batek Altzako etxebizitza batean bi aldiz bere bikotekidea bortxatu eta tratu txarrak eman zizkiola onartu du gaur, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak berarentzat eskatu duten bost urteko kartzela zigorrarekin ados agertu da.
Hasieran, Ministerio Publikoak hamabost urteko espetxe zigorra eskatu zuen gizon horrentzat, baina gizonak gertatutakoa aitortu ondoren, kondena eskaera murriztea onartu du, damua, mozkorkeria eta eragindako minaren erreparazio aringarriak aplikatu zaizkiolako, biktimari 3.000 euroko kalte ordaina eman ostean.
Espetxe zigor horretaz gain, Carlos de Miguel letraduak defendatutako gizona ezin izango da kaltetuarengana hurbildu hamahiru urtez, eta hamar urtez zaintzapeko askatasun egoeran egon beharko du.
Ez da kartzelara joango
Nolanahi ere, ez da kartzelan sartuko; izan ere, Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Sekzioko auzitegiak onartu egin du espetxe zigorra etetea, baldintza hauekin: datozen hiru urteetan deliturik berriro ez egitea, ezarritako debekuetako bat ere ez urratzea eta genero berdintasunerako prestakuntza programa bat jarraitzea.
Fiskaltzaren akusazio idazkiak jasotzen duenez (Efe agentziak irakurri ahal izan du), gertakariak 2020ko urriaren 11koak dira. Egun horretan, erruztatuak hiru aldiz izan zituen sexu harremanak biktimarekin, baina emakumeak uko egin zionean laugarren aldiz errepikatzeari, auzipetuak bortxatu egin zuen, emakumea geldiarazi ondoren eta emakumeak “gelditzeko” eskatu zion arren.
Bigarren bortxaketa bi egun geroago gertatu zen, urriaren 13an. Neskak beste ezezko bat eman ondoren, gizonak eskumuturretatik heldu eta bortxatu egin baitzuen.
Lau egun geroago, inputatuak giltzaz itxi zuen etxeko atea, eta emakumeari barrura sartzea galarazi zion. Ondorioz, eskailburuan ordubetez egon behar izan zuen zain, azkenean pisuko atea zabaldu zion arte.
Hurrengo egunean, urriaren 18an, 15:30ak aldera, gizona eztabaidan hasi zen biktimarekin, berriz ere sexu harremanak izateari uko egin ziolako; horregatik, auzipetuak lepotik heldu zion, hormaren kontra bultzatu zuen eta zaplazteko bat eman zion. Horren ostean, emakumea logelan giltzapetu zen, eta poliziari deitu zion, gizonak atea kolpatzen zuen bitartean, barrura sartzea lortu zuen arte. Bertan, leihotik botako zuela mehatxu egin zion.
Akusazioen arabera, gertakari horiek bi bortxaketa delitu dira, familian ohikoa ez den tratu txarren delitu bat, hertsapen arinen delitu bat, mehatxu arinen delitu jarraitu bat eta irainen delitu arin bat.