Garmendiak Anoeta futbol zelaia saldu nahi du kirol instalazioak hobetu eta Illunbe berritzeko
Iragarritakoaren aurrera jarraitzen du Marisol Garmendiak, PSE-EEren alkategaiak. Anoeta futbol zelaia Realari saldu nahi dio, diru horrek Anoetako kirol instalazioak hobetzeko eta Illunbe erabilera anitzeko pabiloi bihurtzeko.
Garmendiaren arabera, proposamenak “hiru erpin interesgarri ditu”: “Realarentzat, Anoetako instalazioak egokitzeko egindako inbertsioa balioesten duelako. Hiriarentzat, inguruko kirol instalazio guztiak berritzen dituelako eta kirol lehiaketak, kontzertuak eta bestelako ekitaldiak egiteko pabiloi bat lortzen duelako. Eta gainerako kirol klubentzat, jarduera hobetzen ikusten dutelako, instalazio berrituak jarrita”.
Anoeta inguruko kirol instalazio gehienak berritzea “premiazkoa” dela nabarmendu du. Instalazio horiek dira Gaska kiroldegia, Atano III.a pilotalekua, Antonio Elorza belodromoa eta miniestadioa. Horiez gain, hiriko beste hainbat kirol instalazio aipatu ditu Garmendiak. Esaterako, Bidebietako kiroldegia berritzea eta Merkear futbol zelai berria eraikitzea proposatu du, eta Loiolako eta Txomineko arraun instalazioak modernizatzea.