Torrek, Poljakek, Gilik, Garciak eta Le Guillyk ez dute Realean jarraituko
Realak jakinarazi duenez, egungo taldeko bost jokalarik ez dute klub txuri-urdinean jarraituko hurrengo denboraldian. Alde batetik, Maddi Torrek, Allegra Poljakek, Gemma Gilik eta Gabriela Garciak ez dute jarraituko, eta, bestetik, Jade le Guillyk bukatu egin du Realean utzita jokatu behar zuen denbora.
Klubak gogorarazi du “guztiak” izan direla “jokalari garrantzitsuak emakumezkoen taldearen azken urtoetan eta Txapeldunen Ligarako sailkapen historikoa lortuz; gainera, 2022-2023ko denboraldiko Superkopako finala jokatu dute. Horrez gain, Maddi Torre jokalaria, taldeak 2019an lortutako Erreginaren Kopako amaiera historiko haren parte izan zen, emakumezkoen taldeko lehen titulua eskuratuz”. Horrela, “zorte onena” opa die klubak bostei, “etorkizun pertsonalean eta profesionalean”.
Torrek protagonismo gutxiago izan du denboraldi onetan, baina beste laurak jokalari garrantzitsuak izan dira Natalia Arroyorentzat, eta minutu ugari jokatu dituzte. Horrela, taldea berregituratu beharko du Realak, Iraia Iparragirrek ere ez baitu jarraituko, joan den astean iragarri baitzuen futbola utziko duela. Halaber, oraindik argitzeke dago beste hainbat jokalariren etorkizuna: Alejandra Bernaberena, Nerea Eizagirrerena, Manuela Vanegasena, Adriana Nanclaresena, Cecilia Marcosena, Ana Tejadarena eta Ane Etxezarretarena, hain zuzen ere.