Fortuna kirol elkarteko Markel Amat eta June Ruiz eskrimako txapeldun izan dira Espainiako Txapelketan
Fortuna kirol elkarteak arrakasta historikoa izan du 15 urtez azpiko eskrimako Espainiako Txapelketan, Tres Cantosen (Madril, Espainia). Izan ere, Gipuzkoako eta EAEko tiratzaileek kategoria horretan Espainiako Txapelketa bat irabazten duten lehen aldia da. Orotara, hiru urrezko domina eta zilarrezko domina bat lortu dituzte gipuzkoarrek.
Markel Amat Baztarrika sanpedrotarrak urrezko domina irabazi du, gizonezkoen sablean Espainiako Banakako Txapelketa irabazi baitu, finalean Antonio de Andres Barajasko Esgrima Klubeko tiratzaileari 15-8 irabazita.
Emakumezkoetan, June Ruiz Belategi hernaniarrak Amaten bidea jarraitu zuen, eta Espainiako Txapeldun titulua lortu zuen finalean Ines Higuera Madrilgo Arma Aretoko tiratzaileari 15-13 irabazita.
Horrez gain, Fortuna kirol elkarteak taldekako Espainiako Txapelketa irabazi zuen gizonezkoen sablean. Markel Amat, Romain Toucoure, Adur Aldaya eta Eki Esnalek osatutako taldeak Barajasko Esgrima Klubari 45 eta 44 irabazi zion; beraz, Markel Amat Baztarrikak garaipen bikoitza lortu zuen.
June Ruizek, Maialen Arin Espinozak eta Gala Amorenak osatutako emakumezkoen taldeak zilarrezko domina lortu zuen Madrilgo Arma Aretoaren aurkako finalean 45-44 galdu ondoren.