Ikatz kaleari buruz esandakoak gezurtatu dituzte tabernariek eta bizilagun batzuek
Duela aste batzuk, Parte Zaharreko Ikatz kaleko (Juan de Bilbao da izen ofiziala) bizilagun batzuek salatu zuten “nazkatuta” daudela: “Gaueko aisialdirako hamar taberna ditu kaleak 100 metro eskasetan. Jasaten dugun zarata, jende pilaketa eta kale zurrutaz nazkatuta gaude”. Era berean, arau hausteak izan ohi direla deitoratu zuten: “Alkohol kontsumo masiboa, ixteko ordutegiak ez betetzea, tabernetako leiho eta ateak irekita izatea, zarata, jabetzaren hondaketa, bizilagunok atarietan sartzeko zailtasunak, irainak eta erasoak”. Horren aurrean, ohar bat plazaratu dute orain kale horretako ostalariek eta beste hainbat bizilagunek, argudio horiek gezurtatzeko: “Bizilagun talde batek egiatik urrun samar dauden adierazpenetan oinarritzen ditu bere argudioak”.
Alde batetik, azaldu dute “ez dela egia” Ikatz kaleko tabernek “udalak ezarritako itxiera ordutegia betetzen ez dutenik”. “Era berean, terrazako ordutegiak errespetatzen ditugu, baita gure lokaletako ateak eta leihoak ixteko ordutegiak ere”, gaineratu dute.
Bestetik, tabernariak “ondarearen hausturei, irainei eta erasoei dagokienez, horrelako edozein jarreraren aurrean, berehala jarduten dugun lehen pertsonak” direla nabarmendu dute, eta gehitu dute “oso noizbehinka” gertatzen direla halakoak. Halaber, azaldu dutenez, gertatu daitezkeen eraso matxisten aurrean, “protokolo partikular bat” dute adostuta taberna Ikatzeko taberna guztiek, “Donostialdeko mugimendu feministekin koordinatuta”.
Horrez gain, “auzotarrei sor dakizkiekeen arazoen aurrean, bezeroak sentsibilizatzeko neurri bateratuak” hartzen dituztela azaldu dute, eta, “batzuetan, beste udal zerbitzu batzuei dagozkien lan pedagogikoak eta disuasio lanak” ere egiten dituztela, kalean bozgorailuekin jartzen direnei kargu hartuz, besteak beste. “Zenbait gurasok aipatzen diguten lasai daudela euren alaba edo semeak Ikatz kalean sozializatzen direlako eta badakitelako haientzat oso gune askea eta segurua dela”, gehitu dute.
“Auzoko bizilagunak gara”
Parte Zaharrak “birmoldaketa” behar duela aitortu dute, baina nabarmendu dutenez “ez da bidezkoa oraindik nortasun eta benetakotasun zirrikitu bat arnasten den auzo osoko kale bakanetako batean, auzoa inbertsio eta negozio turistiko iturri gisa ikusten duten enpresa horiekin parekatzea. Hain zuzen ere, turismo inbaditzaile eta zaharkituarekiko dugun zero tolerantziagatik mantentzen da oraindik Ikatz kalearen benetakotasun bereizgarria”.
Azaldu dute Ikatz kaleko tabernari gehienek “20 urte baino gehiago” daramatzatela Ikatzen lanean, baina baita bizitzen ere: “Auzoko bizilagunak gara, baita kale honetakoak ere. Auzoan antolatzen diren jardueretan modu aktiboan parte hartzen dugu, betiere gure nortasuna eta kultura sustatzeko helburuarekin. Gureak negozio xumeak eta familiarrak dira. Bestalde, auzoko eta, bereziki, Ikatz kaleko bizilagunek elkartasuna adierazi digute idazki honen edukiarekin bat eginez”. Horrela, atsedenerako zein dibertsiorako eskubideak bermatzearen alde egin dute: “Espero dugu guztion ahaleginari esker, pertsona orok, bai atsedenerako eta dibertsiorako, bai sozializaziorako duen eskubidea neurri handi batean arintzea”.