Lara Gonzalez fitxatu du Ibaeta Basketek
Lara Gonzalez joko antolatzailea etxera itzuliko da, Ibaeta Basketera. Harrobian hezitako jokalariak 2013-2014ko denboraldian debutatu zuen talde donostiarrarekin, eta zortzi urtez Ibaeta Basketen elastikoa janzten aritu ostean, Zaragozara joan zen 2021-2022ko denboraldian. Han jokatu duen bi denboraldiotan, kopa irabazi du eta minutu ugari jokatu ditu; azken denboraldian, 3,8 puntu sartu ditu batez beste partida bakoitzeko, 1,8 errebote hartu ditu, 1,2 asistentzia eman ditu eta hamalau minutu jokatu ditu. Orain, Ibaeta Basketek berriz fitxatu du, 28 urte dituela.
Bestalde, joan den astean beste fitxaketa bat iragarri zuen klub donostiarrak: Alba Prietorena. 1999an jaiotako sevillarrak 2014-2015eko denboraldian debutatu zuen Huelvan, eta Lugora joan zen handik bi denboraldira. AEBetako unibertsitateko ligan jokatu zuen ondoren urtebetez eta Leganesen bi urtez, jarraian Lugora itzultzeko. Han pasatu ditu azken hiru denboraldiak. Azken denboraldian, 11,9 puntu sartu ditu batez beste partida bakoitzean, 4,3 errebote hartu ditu, 3,4 asistentzia eman ditu, 2,9 baloi lapurtu ditu, jaurtiketen %41,2 sartu ditu eta hirukoen %31,8.
Bestalde, gogoratu behar da Yurena Diazek eta Maria Españak euren kontratuak berritu dituztela berriki Ibaeta Basketekin.