Donostiako eskola publikoetako baliabideak «berehala indartzeko» eskatu dute hainbat zuzendarik
Hezkuntza Lege berriaren sustatzaileek Eskola Publikoa ardatz izango duen hezkuntza sistema aldarrikatzen badute ere, horretarako gaur egun ez dituzten baliabideak “beharrezkoak” direla aldarrikatzeko batu dira gaur Donostiako hamasei ikastetxe. Aitor ikastolako patioan agerraldia egin dute hainbat ikastetxetako zuzendariek eta irakasleek, eta aurrekontu falta dela eta, eraikinak hondatuta daudela salatu dute.
Manifestu bateratu bat idatzi dute Eman aukera eskola publikoari ardatz izateko izenburupean, eta Aitor ikastolako Gurutze Jauregi zuzendariak eta Zuhaizti ikastetxeko Ainhoa Arzalluz zuzendariak irakurri dute. “Bistan da, ditugun baliabideak ikusirik, gaur egun Eskola Publikoa ez dela erdigune, eta baliabide pertsonalak zein materialak indartu beharrekoak direla lehenbailehen”, nabarmendu dute.
Eraikinen kasuan, uste dute “agerikoa” dela eskola publikoen azpiegiturak “oso aldendurik” daudela eskola itunduek dituzten “eraikin berri eta modernoen” baldintzetatik. “Hezkuntza eraldaketan murgildurik gaude, eta irakasleok egiten ari garen formakuntza eta gogoeta pedagogikoari baliabide materialak gehitu behar zaizkio. Jakitun gara espazioak garrantzi handia duela haurren aktibazioan eta estimuluan, eta denok sare berean jardungo badugu, baldintzak orekatu beharrean gaude”, argudiatu dute.
“Espazio ireki, argitsu eta hornikuntza aberatsak” behar dituztela nabarmendu dute. Horrekin batera, eraikinen mantenua egiteko ardura Donostiako Udalarena dela azaldu dute, baina eskainitako finantzaketak ez diela “inondik inora” egungo beharrei erantzuten salatu dute. “Horren ondorioz, ikasturtez ikasturte egin beharreko lanak pilatzen doaz, eta eraikinen beharren zerrenda luzatzen doa, zaharkitze prozesua gero eta larriagoa izanik”, deitoratu dute.
Azaldu dutenez, egoera horren ondorioz, hamarkada batzuk dituzten eraikinetan, “ohikoak” dira “egitura herdoilduak, itoginez betetako aterpeak, petatxatutako lurrak, zuloz betetako sareak, erortzear diren hesiak eta altzari zaharrak”. “Beraz, publikoa ardatz izango dela esatean, behar beharrezkoa da gure ordezkariek urratsak ematea, eta eskola publikoei merezi dugun finantzaketa ematea”, aldarrikatu dute.
Horregatik, Donostiako Udaleko hautagaiei eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariei eskatu diete Euskal Eskola Publikoa “beharrezkoak dituen baliabideez” hornitzeko. “Hauteskunde kanpaina betean gaudelarik, eskola publikoekiko izango duzuen jarrera zehazteko eskatzen dizuegu; zein aurrekontu eta esku hartze izango duzuen publiko egitea nahi dugu”, nabarmendu dute.
Honako eskola hauek sinatu dute gutuna: Herrera ikastetxea, Intxaurrondo ikastola, Ikasbide, Aitor ikastola, Zuhaizti eskola publikoa, Kattalin Erauso ikastetxe publikoa, Jakintza ikastola, Amassorrain ikastola, Orixe ikastola, Hegoa euskal eskola ingelesa, Igeldo herri ikastetxea, Altza herri ikastetxea, Mendiola, Amara Berri, Harri Berri-Oleta eta Arantzazuko Ama ikastola.