Gobernu Zibila kultur ekipamendu bihurtzea proposatu du Garmendiak
Marisol Garmendia PSE-EEren Donostiako alkategaiak, zerrenda sozialistako bigarrena den Iñaki Gabarainekin batera, kultur arloko proposamena aurkeztu du gaur, eta adierazi du proiektuaren helburua herritarrek protagonismoa berreskuratzea dela, kultura egiten duten pertsonei entzunda. “Hiri berritzaile eta kosmopolita izan behar dugu, berriz ere, kulturgintzan”, adierazi du.
Garmendiak azaldu duenez, “oso atzean” geratu dira Kultur Hiriburutza bultzatu zuten herritarren “energia olatuak”, eta une honetan “ezinbestekoa” da bultzada berri bat ematea. Nabarmendu duenez, kultura politikak ideia berriak falta ditu, eta “inertzia agortuetatik” mugitzen ari da aspalditik. “Sortzaileen, artisten eta herritarren beharrei erantzun behar diegu, eta arreta berezia jarri behar dugu gazteengan, haien interesei erantzungo dien programazioa eskainiz”, esan du.
Donostiako sozialistek hiriko kultur proiektu bat bultzatu nahi dute, “bere ondarea eta kultura eta hizkuntza aberastasuna zainduko dituena”. Garmendiaren proposamenaren mugarrietako bat Gobernu Zibila Amara auzorako eta hiri osorako kultura ekipamendu handi bihurtzea da. “Donostiako Liburutegirik handiena hartuko luke, haurrentzako sail handi bat barne. Ernest Lluch Kultur Etxearen egoitza ere izango litzateke, askoz ere kokapen zentrikoagoan eta auzoaren beharretara hobeto egokitzen diren instalazioekin. Ekipamendu berriak Haurtxokoa eta Amarako Gaztelekua ere hartuko lituzke”, azaldu du.
Garmendiak dioenez, “ezinbestekoa” da gazteei protagonismoa ematea kultur politikak diseinatzerakoan. Horretarako, Kultura Gaztea sortuko dutela adierazi du, erakunde arteko lantalde bat, gazte eragile eta ordezkari askorekin: “Lantalde horren helburua izango da 16 eta 30 urte bitarteko herritarrentzat gauzatu beharreko programak eta jarduerak zehaztea. Bere interesei erantzuten dieten programa eta jaialdiak, deskontuak, bonuak eta bekak, hezkuntza ekimenak eta horiek gozatzeko espazioak sortu edo gaitzea izango du helburu”.
Horrez gain, ondorengoak dira Garmendiak kultur arlorako dituen proposamenak: Kontadoresen birformulazioa, Bidebieta auzoaren eremu zibiko-kultural gisa; Hiri Kulturaren Jaialdia sortzea; Talentu, sorkuntzari laguntzeko programa bat, hainbat diziplinatako egoitzak, trukeak, mentoriak eta bekak biltzen dituena, batez ere 35 urtetik beherakoentzat; Auzo Kultura: urtero deialdi bat, auzo bakoitzean elkarte edo herritar partikularrek proposatutako kultura proiektu bat hautatzeko; Bide Berriak, euskaraz sortutako lan berriak erakusteko programa eta Denon Artean jaialdia, kultura, jolas eta sentsibilizazioko jarduera publikoen programa.