Illarramendik ez du Realean jarraituko
Asier Illarramendi erdilari mutrikuarrak ez du Realean jokatzen jarraituko, klub txuri-urdinak jakinarazi duenez. Realak ez du argitu zein izango den Illarramendiren etorkizuna, baina 33 urteko jokalariak prentsaurrekoa eskainiko du gaur goizean Anoetan, Jokin Aperribai presidentearekin batera.
Mutrikuarra 11 urterekin iritsi zen Zubietara, eta 2010ean debutatu zuen lehenengo taldearekin, Elxen aurka, Martin Lasarte entrenatzailearen eskutik. Reala Txapeldunen Ligarako sailkatu zen 2012-2013ko denboraldi historikoan jokalari oso garrantzitsua izan zen, eta Real Madrilera joan zen denboraldi hori bukatzean. 2015era arte izan zen talde madrildarreko jokalaria, baina ez zuen asko jokatu, eta 2015ean itzuli zen etxera, Realera.
Ordutik, elastiko txuri-urdina janzten jarraitu du, nahiz eta lesio ugari izan dituen, eta ez duen izan ez berak eta ez zaleek nahiko luketen jarraikortasuna. Hain zuzen ere, lesio batengatik ezin izan zuen jokatu Athleticen aurkako kopako finala, baina herren egonda ere, berak altxa zuen garaikur historikoa. Taldeko kapitaina da Illarramendi, eta oso jokalari maitatua da Anoetan.
Illarramendik berak sare sozialetan ondorengo mezua zabaldu du:
Familia txuri-urdinari 🤍💙🤍 pic.twitter.com/eOMsouclay
— Asier Illarramendi (@illarra4) May 24, 2023