Inguruko udalerrietako 100 taxik baino gehiagok Donostian lan egin ahalko dute
Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak hitzarmen bat onartu du, Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko Donostiaren inguruko udalerrietako taxiek hirian ere lan egin ahal izan dezaten. Horrela, inguruko hamar udalerritako 108 taxik zerbitzua eskaini ahalko lukete Donostian; gaur egun, 308 taxi lizentzia daude indarrean Donostian, beraz, 416 taxi egon ahalko lirateke hirian hitzarmen horri esker. Zehazki, hauek dira hitzarmenaren barruan egongo liratekeen udalerriak: Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Usurbil, Lezo, Oiartzun, Lezo, Errenteria eta Andoain.
Udaleko iturriek Noticias de Gipuzkoa hedabideari jakinarazi diotenez, hamar udalerri horiekin adostuta dago onartu duten hitzarmena. Hamar udalerri horien eta Donostiaren artean Araubide Bereziko Zona bat sortzea aurreikusten du hitzarmenak, aurretik zehaztutako egun jakin batzuetan taxiek eremu guztian lan egin ahal izan dezaten. Ordea, aipaturiko hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, Astigarragako alkate Xabier Urdangarinek esan du ez dagoela akordiorik Donostiarekin, eta “aldebakarrez” jardun izana egotzi dio Donostiako Udalari. Halaber, esan du Buruntzaldeko eta Oarsoaldeko udalerrien badutela dagoeneko euren arteko Araubide Bereziko Zona bat indarrean.
Donostiako Udalak onartutako hitzarmenak aurreikusten duen zona berezia sortzeko, ordea, udalerri guztiek onartu behar dute hitzarmen hori, eta, ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu behar du Araubide Bereziko Zona hori.
98 egun, ekainetik abendura
Udalak onartu duen hitzarmenak dagoeneko aurreikusten du 2023rako aplikazio egutegi bat. Hain zuzen ere, ekainetik abendura, hamar udalerri horietako taxiek 98 egunetan eman ahalko lukete zerbitzua Donostian, eta, egun horietan, 24 orduz edo tarte batez aplikatu ahalko litzateke. Hala ere, oraindik ez da ziurra ekainerako aplikatuko denik, horretarako gainontzeko udalerriek hitzarmena onartu behar dutelako, eta aldundiak zona berezia sortu behar duelako.
Honakoa da hitzarmena onartu izanaren arrazoia, udalaren arabera: “Ezin da taxien udal zerbitzua dimentsionatu ekitaldien eta abarren ondorioz sortutako eskaera handiei erantzuteko, eta jardueraren oreka ekonomikoari eta zerbitzuaren nahikotasunari eusteko”. Udala gutxienez iazko azarotik dabil zona berezia sortzeko lanean, tarifen igoerak iragarri zituztenean azaldu zutenez.