Jazzaldian ikusi ahal izango diren beste 49 kontzertu iragarri dituzte
Dagoeneko aurkeztutako 58. Jazzaldiaren programazioari 49 kontzertu gehitu zaizkio, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Horietatik 46 doakoak izango dira, 22 tokiko artistenak, eta nazioarteko artisten zerrenda luze bat ere izango da tartean. Emanaldiak Frigo gunean, Fnac gunean, Nauticoolen, Garberan, Victoria Eugenia Antzokiko Club Aretoan, San Martin Merkatuan, Maria Cristina Hotelean, Irunen eta Fnac Forumean izango dira.
Tokiko taldeak:
Tokiko taldeei dagokionez, maila oso altuko hamar talde lokal hautatu dira prozesu baten ondoren. Hala, hasiera batean, 65 hautagaitza aurkeztu ziren, eta ondoren hamabost kontzertu eman ziren hiriko klubetan. Hautatutako hamar taldeak, 58. Jazzaldian arituko direnak, honako hauek dira: Isla Trio, Xahu, Motelas, Les Cuisinieres, Lutfi Jakfar Sitxh Trio, Arnaud Labastie Trio, Amaika Rude, Mikel Legasa, Quintet, Xavi Maldonado and David Cid Quartet eta Kinkfolk. Horiei guztiei Elena Setien donostiarraren kontzertua gehituko zaie, Nauticoolen.
Katapulta:
Katapulta Tour Gipuzkoa zirkuitu bat da. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Kutxa Kulturalek sustatua, Gipuzkoako talentu gazteak musikaren eta arte eszenikoen arloan bultzatzen ditu. Aurten zirkuituan parte hartuko duten taldeetatik lau hautatu ditu Donostiako Jazzaldiak, 58. edizioan aritzeko: Bamms, Nakar, Olana Liss eta Ramada Inn.
Nazioarteko artistak:
Dagoeneko aurkeztutako nazioarteko artista ugariei, ordainpekoei zein doakoei, Europa, Amerika, Asia eta Afrikako musikari gailenek eskainiko dituzten hogei bat kontzertu gehitu behar zaizkie, besteak beste: Jerry Bergonzi Quartet, Damir Imamovi, Ill Considered, The Side Effects, Sara Dowling, Bengue, Conversessions, Eri Yamamoto Trio, Michele Hendricks & Ronald Baker Project, Five Stars, The Mississippians eta Pacific Jazz Ambassadors.
Kolaborazioak:
Donostiako Jazzaldiak bere programazioa zabaltzen eta dibertsifikatzen laguntzen duten erakundeekin lankidetzan jarraitzen du. Gaur aurkeztu dituzten kontzertuetako hiruk ondokoak dituzte kolaboratzaile: Bengue: OARA (Office Art Region Nouvelle Aquitaine) eta Le Rocher de Palmer (Akitania, Frantzia) kolaboratzaile; Conversessions: Lazio Sound (Italia) kolaboratzaile; Eri Yamamoto Trio: Fundación Japón; eta Pere Bujosa: Jazz España Plataformak hautatutako artista.
Freedom First:
Freedom First izenburupean, Albert Marques Jazz pianista katalanak Keith LaMarrekin grabatutako diskoa aurkeztuko du zuzenean. Keith LaMar preso dago, 1993an Estatu Batuetan heriotza-zigorrera kondenatua. Agertokian izango diren lau musikariei Keith LaMarren ahotsa batuko zaie urrunetik. Bere ahotsaren grabazioekin eta espetxetik zuzenean arituz ere (telefonoz) parte hartuko du kontzertuan. Uztailaren 24an eta 25ean izango da, Victoria Eugenia Antzokiko Club aretoan, 20:00etan (15 euroan sarrerak salgai Jazzaldiaren webgunean eta leihatiletan).
Kontzertua eta afaria Maria Cristina Hotelean:
Uztailaren 23an, 20:30ean, Maria Cristina Hoteleko Ibaia aretoan, Eri Yamamoto Triok kontzertu bat emango du. Aurretik, 20:00etan, ongietorria egiteko kopa bat eskainiko da eta emanaldia bukatutakoan, 21:30ean, koktel afari bat: kanape hotzak, beroak, postrea eta edatekoak.(Ongi etorria egiteko kopa + kontzertua + koktel afaria 80 euroren truke egin ahal izango da. Sarrerak salgai daude Jazzaldiaren webgunean eta leihatiletan.
San Martin Merkatua:
San Martin Merkatuak Erosi Jazzaren Erritmora antolatuko du, bertan bi kontzertu izango dira ikusgai: uztailaren 21eko goizean Fran Serrano kontrabaxuan arituko da, Gonzalo Encinal pianoan lagun duela; uztailaren 22an Aitor Marimon gitarran eta Rodrigo Lauroba saxofoian.
Fnac Foruma:
Bertako hiru taldek kontzertu bana emango dute Fnac Forumean, uztailaren 21, 22 eta 23an, 19:00etan.
Garbera:
Garbera merkataritza guneak, bigarren urtez jarraian, 58. Jazzaldiaren programazioaren zati bat hartuko du: hamar kontzertu, egunean bi, bata 12:30ean eta bestea 20:00etan.
Ikusi programazioa osorik Jazzaldiaren webgunean.