Mexikon abiatu zuen bere ibilbidea, bai arteari eta bai sukaldaritzari dagokionez, eta Zaragozan jarraitu zuen aurrenik eta Donostian ondoren. Izan ere, Oaxacan jaio zen Zulma Martinez (1985), Mexikon, baina Donostian bizi da 2015etik, Intxaurrondon. Bi arloetan, Mexikoko kultura prehispanikoa du oinarri, baina kulturak uztartzen dihardu une oro, eta hainbat proiektu ditu horretarako.

Aldapeta kaleko Gipuzkoako Artisten Elkartean gelditu gara Zulma Martinezekin, han hasi baitzen bere artelanak egiten, duela bi bat urte. Elkartetik bisita gidatu txiki bat egin ostean, bere hainbat obra erakusteari ekin dio, gehienak, grabatuak: «Nire kulturaren gauza sinpleak eta egunerokoak islatu ohi ditut. Besteak beste, heriotzari erreferentzia egiten dion kolibri baten grabatua daukat, eta arto landaketa bat eta loro bat ikus daitezkeen beste bat ere bai; nire herrialdeko irudi oso ohikoa da artoa ikustea, eta animaliak aske inguruan. El árbol de la vida izeneko marrazki baten zati baten grabatua ere egin nuen, non emakumea ikusten den, eta Fridaren [Kahlo] grabatu bat ere badaukat. Ikusten dudana islatzen dut».
Azaldu duenez, etxetik datorkio artearen zaletasuna: «Nire aita margolaria eta barne diseinatzailea zen, eta beste senide batzuk ere artistak dira. Igandero, marrazteko ohitura genuen etxean: sei anai-arreba gara, eta denak elkarrekin eseri eta marrazten genuen. Ondoren, marrazkiak elkarri oparitzen genizkion: maitasuna erakusteko modu bat zen». Hain zuzen ere, egur gainean egindako collage bat oparitu dio kazetariari elkarrizketa bukatzean: «Horrela, lanak oparitzeko ohiturarekin jarraitzen dugu».
Dioenez, arte plastikoetako hainbat diziplina lantzen ditu Gipuzkoako Artisten Elkartean: «Margolaritza dezente ezagutzen dudanez, beste diziplinak indartu nahi nituen. Horregatik, hemen zeramikarekin eta grabatuarekin egiten dut lan bereziki». Horrela, bere lanak hilero Bulebarrean ikusi daitezke, elkarteak arte azoka antolatzen baitu hilero, azken igandean. Horrez gain, Parte Zaharreko Ensantxe tabernan erakusketa jarri du berriki: «Grabatu batzuk jarri ditut han ikusgai, eta uste dut tabernarekin bat datozela, nahiko estilo iluna dutelako nire artelanek».

Zulma Martinez, grabatuak egiteko erabiltzen duen makina baten funtzionamendua erakusten. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Erakusketak eta Giza Polita
Ensantxe tabernakoa, ordea, ez da Martinezek egin duen erakusketa bakarra. Besteak beste, Elkarrekin Kooperatibarekin elkarlanean aritu zen Lamiak eta Lloronak erakusketan. Mitologian oinarritutako erakusketa zen hori, eta hainbat jatorritako artistek hartu zuten parte; besteak beste, Egiako tunelean ikusgai egon zen erakusketa hori. «Ghanako familia bat aurkeztu zidaten, eta beraiek euren herrialdeko istorio bat kontatu zidaten, kontatzen zuena nola iritsi zen kakaoa Ghanara. Hortik abiatuta, margolan bat egin nuen, eta hori izan zen erakusketan ikusgai egon zena».
Bestalde, Pasaiako erakusketa kolektibo berezi batean ere parte hartu zuela kontatu du: «Hamabi zentimetrotan zure artea islatu behar zenuen; hamabi zentimetrozko mihise batean, paper batean, edo dena delakoan. Hainbat artistek hartu zuten parte». Grabatuaren Nazioarteko Jaialdian ere parte hartu zuen, Bilbon egin zen erakusketa batean: «Aurten ere gonbidatu gaituzte, baina ez dakit parte hartu ahalko dudan, denbora bat pasatuko dudalako Mexikon, aita duela gutxi hil delako, eta amarekin egon behar dut».

Berak egindako okarina instrumentua jotzen ari da Zulma Martinez. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Giza Polita (@g_i_z_a__polita) Instagrameko kontuan ikus daitezke Martinezen lanak, eta grabatuez, margolanez eta bestelakoez gain, «oroigarrien linea bat» ere garatzen ari da: «Joskintza ikastaro bat egin nuen, eta, horren harira, Errenteriako dantza konpainia batekin eta Iruñeko antzezlan batean egin nuen lan, jantziak egiten. Hortik abiatuta, Giza Polita sortu nuen, oroigarrien linea bat sortzeko. Alor digitalean ari naiz lan egiten orain, jantzietarako diseinuak egiten; mitologia eta gastronomia ditut hizpide diseinu horietan, kultura mexikarra eta euskal kultura uztartuz». Hain zuzen ere, Bodegon Alejandro jatetxean egiten du lan, eta, azaldu duenez, uniformearentzako diseinua egiteko eskatu diote.

Zulma Martinez bere hainbat obra dituen mahai baten inguruan, esku artean Frida Kahloren
grabatu bat duelarik, Martinezek berak egindakoa. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Erreferenteak han eta hemen
Artearen munduan erreferente mexikar ugari ditu Martinezek: «[David Alfaro] Siqueiros da nire erreferenteetako bat, indar handia duena. Eta, Frida ere asko gustuko dut. Zure obrak istorio bat kontatu behar du, leku jakin batera eramaten zaituena, eramaten zaituena zure buruari galdetzera zergatik egin zenuen hau edo bestea, eta abar».
Halaber, Donostian bizitzen daramatzan urteotan, euskal artean ere murgildu da Martinez, eta erreferente argi bat du: «[Eduardo] Txillida oso gustuko dut, erreferentea da niretzat orain. Txillida Lekun egon nintzen, eta izugarria iruditu zitzaidan».
Sukaldaritza eta Tule proiektua
«Aitak beti esaten zidan artea ez hartzeko ogibide gisa, gosez hilko nintzela [barrez]. Orduan, sukaldeko artera jo nuen; sukaldaritza ikasi nuen [hala ere, margotzen jarraitzeko bultzada bere aita izan zela dio]. Nire herriko sukaldaritza asko gustuko dut, beti nahi izan dut nolabait berreskuratu sukaldaritza hori», kontatu du Martinezek. Nabarmendu du bereziki jatorri prehispanikoko sukaldaritzan jartzen duela fokua, eta gauza bera egiten duela artearekin: «Nire izaeraren parte da kultura prehispanikoa, eta sukaldaritzan zein artean lantzen dut, nire bizitzako arlo guztietan».
Bere bikotekideak Basque Culinary Centerren ikasi zuen, eta irakasle lanetan dabil orain zentro horretan. Hain zuzen ere, bikotekidearekin batera proiektu gastronomiko bat dauka Martinezek, Tule izenekoa: «Nire hirian dagoen zuhaitz bat da Tule, izugarri handia dena: enborra inguratzeko 35 pertsona behar dira, eta adaburuaren itzalean 500 lagun sartu daitezke. Argitzapenaren zuhaitza dela esan ohi da, eta hiriaren erdigunean dago. Enblema gisa jarri dut zuhaitza, nire kultura islatzen duelako».

Bere beste obra bat du esku artean Martinezek, egur gainean egindako collage txiki bat. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian)
Donostiara etorri aurretik, Zaragozan bizi ziren, eta han jatetxe mexikar bat izan zuten, La Quebradora, baina hori ez zen Tule proiektua: «Nik nahi nuen eskaini benetan gure sukaldaritza zer den. Prestaketa gehiago behar genuen, hemengo sukaldaritzan gehiago murgildu». Horrela, jatetxe hori utzi eta Donostiara etorri ziren, «gastronomiaren erdigunera». Tule proiektua garatzeko espazio aproposa oraindik ez dute aurkitu, baina probak egiten ari dira beste jatetxe batzuetan: «Pop ups izeneko egitasmoarekin gabiltza, eta jatetxe bateko kartan zure eskaintza txertatzean datza. Groseko Izakaia tabernan egin genuen azkenekoz, eta oso harrera ona izan zuen».
Dioenez, «ziur» irekiko dute egunen batean Tule proiektua garatzeko establezimendua: «Ez dut jatetxe gisa irudikatzen, baizik eta estilo informaleko espazio baten gisan». «Are gehiago», gaineratu du, «gustatuko litzaidake espazioak Txillida Lekuren antzeko zerbait izatea, museo hartako baserriak nire etxea ekarri baitzidan gogora». Dastatu beharreko zerbait izango da Tuleko menua, beraz.

Zulma Martinezek antzekotasun ugari ikusten ditu Euskal Herriko eta Mexikoko sukaldaritza tradizionalen artean: «Baratzetik platerera doan sukaldaritzak dira».
Horregatik, une oro kultura gastronomikoak fusionatzeko moduak bilatzen dabil: «Oinarrian, hau da nire proiektua, nire bikotekidearekin batera: sukaldaritza mexikarra eta euskalduna batzea, oinarri prehispanikoarekin».
Euskal Herriko errezeta tradizional ugarik Mexikoko errezeta tradizional hainbatekin antza dutela dio: «Potxak izugarri gustatzen zaizkit, eta txikitan jaten nuen plater bat gogorarazten didate. Babarrun zuriak ziren haiek, eta nire senideek arrantza egiten zutenez, ganba izugarri handiak botatzen zitzaizkion plater horri. Amak kontatzen zidan gauean esnatzen nintzela, eta plater hori eskatzen nuela. Badago beste plater bat, zopa bat, harriak berotuz prestatzen duguna; sopa de piedra deitzen da. Eta, hemen antzekotasunak daude mamiarekin, garai batean harri bat berotzen baitzen eta mamiaren barruan sartzen zen. Eta, zeresanik ez taloarekin. Etxean bezala sentitzen naiz halako gauzekin».
Gaineratu duenez, sukaldaritza prehispanikoak denboraldi bakoitzeko elikagaiekin harreman estua du, euskal sukaldaritza tradizionalak bezala: «Mexikon, uztaila inguruan, chicatanas deitzen diren inurri batzuek hegalak galtzen dituzte, eta inurri horiek jasotzera ateratzen gara, plater bat egiteko. Ipurdi potoloa dute, eta txigortu egiten ditugu; nire amonak, saltsan egiten zituen». Hango eta hemengo zaporeak bat egiteko moduak bilatzen dihardu etengabe Martinezek, eta argi du non sartu daitekeen inurri horien zaporea: «Hemengo onddoak dastatu nituen, tenperatura baxuan egindako arrautza batekin jan ohi direnak, eta iruditu zitzaidan inurriak ondo gelditu ahal zaizkiola plater horri. Intsektuak zuzenean sartu ordez, ukitu txikiekin sartu daitezke halako zaporeak».
Sukaldaritzatik harago daraman filosofia bat da kulturak uztartzearena: «Ez naiz ghettoak sortzearen oso zalea. Nahiago dut hemengo jendearekin elkartu, soilik mexikarrekin baino. Horrela, kultura desberdinak ezagutzen dituzu, eta horrek aberastu egiten zaitu».