Denon oroimenean geratuko dira
Iñaki Alkiza eta Joan Mari Irigoien hilberrien heriotzek oihartzun handia izan dute azken egunotan. Pertsona maitatuak ziren euskal gizartean, futbolean eta literaturgintzan egin duten ibilbideagatik, besteak beste. Lorpen handiak izan zituen bakoitzak bere esparruan.

Donostian jaiotako bi pertsona ospetsu zendu ziren lehengo astean, Iñaki Alkiza (Altza, 1933) eta Joan Mari Irigoien (Altza, 1948). Maiatzaren 16an hil zen lehenengoa, eta hurrengo egunean bigarrena. Ugariak dira azken egunotan komunikabideetan eta sare sozialetan bi pertsona horiekiko begirunea eta errespetua adierazten duten mezuak, eta erreportaje honen bidez IRUTXULOKO HITZAn ere omenaldi bat egiten saiatuko gara, haien ibilbideak errepasatuz.
Iñaki Alkiza Realeko jokalaria izan zen 1955etik 1961era, eta hortik talde txuri-urdineko presidente izatera pasatu zen —1983tik 1992ra—. Halaber, presidentea izan baino lehen, Jose Luis Orbegozoren Zuzendaritza Batzordean aritu zen. Orbegozo ordezkatu zuen Alkizak, eta Luis Urangak ordezkatu zuen bera. Realak 1987ko kopa irabazi zuen, bera presidente zela.
1986-87ko denboraldian lortutako titulu hori Zaragozan (Espainia) eskuratu zuen Realak, Romareda futbol zelaian jokatutako finalean. Bestalde, Alkiza presidente zela, Realak denboraldi apartak egin zituen: 1987-88koan, Realak bigarren amaitu zuen liga, eta kopako txapeldunordea izan zen. 1989-90ko eta 1991-92ko denboraldietan, ligan bosgarren postua lortuta, talde txuri-urdina UEFA koparako sailkatu zen. Emaitza horietako gehienak John Benjamin Toshack entrenatzaile zela lortu zituen Realak; 1985ean fitxatu zuen Alkizak Toshack, Sporting Lisboatik.
Futbolaria ez ezik, politikaria ere izan zen Alkiza. Politikan 1970eko hamarkadan sartu zen. Espainiako Trantsizio Demokratikoan lehenbiziko hauteskundeak ospatu aurretik, 1978ko irailetik 1979ko martxora arte, Donostiako udal batzordeko kide izan zen. Batzordean Alkizak EAJ alderdia ordezkatu zuen. Gainera, denboraldi horretan batzorde horretako presidentea ere izan zen gaur egungo alkate postuaren baliokidea. Reala utzita, 1995eko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztu zen Eusko Alkartasuna alderdiarekin Gipuzkoako ahaldun nagusigai gisa. Haren hautagaitza EAJren eta Herri Batasunaren atzetik geratu zen. Gerora, 1999 eta 2003 urteen bitartean Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea izan zen.
Ingeniari, futbolari eta idazle
Aurreko orrialdeko argazkiak erakusten duen gisan, bazuten zerbait komunean Alkizak eta Irigoienek —biak Altzakoak izateaz gain—. Argazkian, Alkiza garaikur bat ematen ari zaio Irigoieni, Herrerako futbol zelaian 1962an jokatu zuten partida baten ostean. Gaztetan bederen, gogoko zuen futbola Irigoienek, Reala B-ko jokalaria izan baitzen.
Oiartzuarra zuen aita, herriko medikua, eta hark erakutsi zion literatura maitatzen. Batxilergoa amaitu ostean ingeniaritza ikastea erabaki zuen, baina azkar jakin zuen ez zela benetan interesatzen zitzaiona; beraz, dena utzi eta Venezuelarako bidea hartu zuen. “Artean ez nuen Hego Amerikako lurra oinkatu, mundu zabala amets zuen 22 bat urteko mutil ameslaria nintzen arren; artean ere ez nuen liburu askorik irakurri —zaletasun hura garatzeko eragozgarri nituen futbol-entrenamenduak (Errealaren bigarren taldean jokatzen nuen, Sansen) eta ingeniaritza-estudioak—, baina liburu hura nire eskuetara iritsi —Cien años de soledad, jakina— eta bizpahiru egunetan bukatu bezain laster, argi eta garbi ohartu nintzen, Ameriketara ez ezik, mundu zabalera ere jaio nintzela orduantxe”, idatzi duen Irigoienek Berria egunkarian, 2014an. Bi urte igaro zituen Venezuelan, eta handik itzuli zenean, Egin egunkarian aritu zen lanean, testu zuzentzaile gisa.
Ibilbide luzeko idazlea zen Irigoien, eta bereziki nobelagintzan egindako lanagatik ezaguna bazen ere, poesia lanak zein haur eta gazteentzako liburuak ere idatzi zituen. Hutsetik esperantzara (1975) poema liburuarekin estreinatu zen idazle gisa, eta iaz argitaratu zuen bere azken lana, Elkar argitaletxearekin: Sorgin-argien ehizan poema liburua.
Hala ere, 1989an argitaratutako Babilonia liburua da ezagunena. Mendebaldeko eta Ekialdeko tradizio literarioak biltzen ditu liburuak, eta Garaialdetarren familiaren istorioa kontatzen du. Espainiako Kritika Saria eta Euskadi Saria jaso zituen lan horrekin. Bere azken eleberria Derbia izan zen, 2019an argitaratutakoa eta futbolaren munduan girotutakoa.
Alboko esklerosi primarioa
Alboko esklerosi primarioa diagnostikatu zioten Irigoieni duela urte batzuk, eta ahoskatzeko zein mugitzeko arazoekin pasatu ditu azken urteok. Gaixotasuna zela eta, erretiroa hartu zuen 2014an, baina ez zion inoiz guztiz utzi idazteari, eta zenbait lan argitaratu ditu urteotan.