Gogor lan eginda, eta oso eskertuta, badoaz
26 urteko ibilbidearen ostean, Bidebietako Onintza janari eta belar denda itxiko dute irailaren 1ean. Jabeek erretiroa hartuko dute, eta oso pozik daude auzotarrek urte hauetan beraiekin izan duten harremanagatik. Lokala salgai dute, eta jabe berri baten bila ari dira.
Bidebietako auzotarrak agurtu berri dituzte Maite Merinok (Caceres, Extremadura, Espainia, 1956) eta Marian Maritxalarrek (Errenteria, Gipuzkoa, 1959), Txanpontxo jaietako egitarauan jarri duten iragarki baten bidez: “Urte honetan erretiroa hartuko dugu, eta bihotz-bihotzez eskertu nahi diegu daudenei eta joan direnei. Eskerrik asko gure bizitzaren parte izateagatik. Eskerrik asko Bidebieta!”.
Serapio Mujika kaleko 20. eraikinean dagoen Onintza jaki eta belar dendaren jabeak dira Merino eta Maritxalar. 26 urteren ostean, irailaren 1ean erretiroa hartzea aurreikusten dute. “Aurten ixtea erabaki dugu, izan ere, gure senarrak erretiroa hartuta daude dagoeneko, eta ez du zentzurik guk gure lan bizitza luzatzeak. Orain, bizitzako etapa desberdin bat bizitzea egokitzen zaigu, erretiroa, alegia”, azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri Maritxalarrek. “Bai, horregatik dugu lokala salgai”, baieztatu du Merinok.
Koinatak dira biak, eta Errenterian bizi diren arren, goizero joaten dira Bidebietara lanera, 1997 urteaz geroztik. “Egia esan, hau bokaziozko lanbide bat da niretzat, eta Maite bidelagun izan dut nire bokazioan. Ni beti egon izan naiz jendaurrean, eta oso txikia nintzenetik, handitan zer izan nahi nuen galdetzen zidatenean, erantzuten nuen dendaria izan nahi nuela. Lanean hasi nintzenetik orain arte dendaria izan naiz beti, eta Maitek nire negozio propioa zabaltzen lagundu zidan. Bera lanik gabe zegoen, eta nik lana neukan, baina utzi egin nuen negozio hau hasteko”, adierazi du Maritxalarrek.
Negozioa hasteko lokal bat behar zuten, eta hasieran beste batzuk ikusi bazituzten ere, Bidebietakoa izan zen lehen begi kolpean benetan gustatu zitzaiena. Onintza izena zuen lokalak, eta izen hori bera mantentzea erabaki zuten. “Gure aurrekoa ere alokairuan zegoen, eta bere dendaren izena zen Onintza. Izen hori mantentzea erabaki genuen. Bera hiru urte eta erdiz edo egon zen hemen, eta ondoren gu etorri ginen. Garai hartan, kontratuak lau urtekoak izaten ziren, eta begira, gu 26 urtez hemen egotera iritsi gara. Bide horretan, lokala erostea erabaki genuen”, azaldu dute Errenteriako koinatek.
Lehengo jabearen negozioa ere janari denda bat zen, baina “oraingoaren oso desberdina”. Erditik barrualdera, kafetegi bat zen, eta sarrera ikasleentzat prestatuta zegoen, gozoki poltsekin eta horrelakoekin. “Guk, denborarekin, kafetegia kendu genuen, eta belar dietetikarako eremu bat jarri genuen. Gaur egun ez daukagu, gauzak kentzen joan garelako, ixten dugunean ahalik eta produktu gutxien izan ditzagun”, aitortu du Maritxalarrek.
Belar dietetikaren inguruan interesaz galdetuta, honakoa erantzun dute: “60 urte pasatxoan denetarik ikasteko denbora dago. Gure bizitza estiloa ere bada, natura gustatzen zaigu, eta azken finean, beste garai batekoak gara. Gu ez gara baserritarrak, baina gure gurasoak bai, eta horrela joan gara ikasten”.
Auzotarrengandik oso hurbil
Maritxalarren iritziz, jaki denda bat “jendearekin funtzionatzeko modu bat” da. “Transmititzeko modu bat da, eta nahiz eta bezeroak generoa ordaintzen ari zaizkizun, zu ere zerbait ematen ari zara beraiei. Tratu on bat iruditzen zait”, nabarmendu du. “Egia esan, eramaten duguna hemen uzten duguna baino askoz gehiago da”, gehitu du Merinok.
Alde batetik, biei elkar hobeto ezagutzeko aukera eman die dendak, eta ziurtatu dutenez, gaur egun, “kate bateko katebegi bat” dira. Bestalde, “elkarren kontrakoak diruditen sentimenduak” ere eramango dituzte: “Poz eta tristura handia sentitzen dugu ezagutu ditugun eta dagoeneko ez dauden pertsonengatik”.
Izan ere, “auzoan sortzen den harreman estua” dute euren bezeroekin. Bereziki, jende helduarekiko eta gazteekiko “enpatia” sentitzen dutela nabarmendu dute. “Ez dakit, sentitzen duguna eta transmititzen duguna dela uste dut. Tokiko komertzio bat izanik, jendearekin dugun lotura ere desberdina da. Ez da denda batera sartu, txikle bat erosi eta joatea; hemen harreman estuagoak sortzen dira, eta hori oso aberasgarria da, asko ikasten delako”, azaldu du Maritxalarrek.
Bidebietako institutuko ikasleekin duten harreman estua izan dute mintzagai jarraian, atsedenaldietan Onintza dendara joaten baitira ogitartekoa erostera: “Bakoitzari nahi duen ogitartekoa egiten diogu, ez dugulako karta itxirik. Ez dira egunero etortzen, duten ditu kopuruaren araberakoa da hori, baina bezero gisa beti daude hemen erosteko prest. Orain azterketa garaia da, eta batzuetan, azterketa egin eta etxera joaten dira, hemendik pasatu gabe. Garai hau desberdina da”.
Zaletasun berrien bila
Erretiroa hartu ostean, zaletasun berriak aurkitu nahi dituzte biek, baina oraindik ez dakite zer den benetan gustatzen zaiena. “Maiteri esaten diot nire espazioa aurkitu behar dudala. Oso pertsona aktiboa naiz, eta nire zaletasuna aurkitu beharra daukat, oraindik ez dakidalako zein den. Emaztea naiz, orain arte alaba izan naiz, eta amona ere banaiz, beraz, ikusiko dugu”, esan du Maritxalarrek.
Egunerokotasun berri bat finkatu nahi duela azaldu du Merinok: “Ez dakit zer egingo dudan. Niretzako garrantzitsua da egunerokotasuna, hori bezalakorik ez dagoelako. Gaur egun, gure egunerokotasunean dendara etortzen gara, eta lan egiten dugu. Horrelako zerbait aurkitu behar dut, zaletasunen bat. Eskulanak egitea, adibidez, oso gogoko dut, baina benetan konbentzitu behar nau”.
Denda salgai dute, eta “prezio onean”, gainera. Irailaren 1ean ixtea aurreikusten badute ere, norbaitek dendarekin jarraitu nahiko balu, ez ixten saiatuko dira: “Zerbitzua eta lana badago, guri inoiz ez zaigu lanik falta izan. Lan hau egin nahi duenak, inongo arazorik gabe egin ahal izango du”.