SOS Arrazakeriari esker, Anoeta joateko aukera izan dute hainbat migratzailek
Joan den asteartean, maiatzaren 23an, Gipuzkoako SOS Arrazakeriaren eskutik, 10 eta 14 urte bitarteko gazte migratzaileak eta Urretxindorra proiektuko boluntarioak Anoetako estadiora joan ziren Reala animatzera.
Urretxindorrako bikoteekin batera, Izan Harrera Gizarte Mentoretzako proiektuko bikoteak eta erreferente heldurik gabeko gazte migratzaileei laguntzeko bulegoko boluntarioak ere bertaratu ziren. “Duela gutxi futbolean arrazakeria kasu bat futbol zelaian ikusi dugun arren, kirolaren aldeko apustua egiten dugu, komunitate beraren parte sentiarazten gaituen mekanismo gisa ulertzen dugulako”, azaldu du SOS Arrazakeriakek.
Azzaddinek, taldeko mutiletako batek, honela kontatu du: “Polita izan da estadiora sartu baino ordubete lehenago topo egitea, elkar agurtu eta partidarako prestatzea, elkarrekin egiteko bidaia balitz bezala. 1-0 irabazi genuen. Ba al zenekien Erromari ere irabazi geniola?”
Azzaddinek eta SOS Arrazakeriaren proiektu desberdinetako gainerako gazteek Realaren hainbat partidatara joateko aukera izan dute, gizonezkoen zein emakumezkoen taldekoetara, Real Sociedad Fundazioaren eta SOS Arrazakeria Gipuzkoaren arteko lankidetza hitzarmenari esker. Hamar urte daramate bi erakundeek elkarlanean.