Turismo bulegoa udaletxean jartzeko lanak aurrera doaz
Donostiako Udal Gobernuak 2020ko urtarrilean onartu zuen turismo bulego berria udaletxean jartzeko proiektua. Aldiz, iazko azaroan adjudikatu zizkioten lanak Altuna y Uria eraikuntza enpresari 1,9 milioi eurogatik. Bulego berria udaletxearen beheko solairuan jartzeko lanak aurrera doaz, baina Argiak jakitera eman duenez, obrak atzerapenak eta gainkostuak izan ditzake.
Apirilaren 13an, kontratua eteteko eskatu zuten proiektu eta obretako idazkari tekniko Monika Barok, proiektu eta obretako zuzendari Alfonso Vazquezek eta obrak eta hiri proiektuetako zinegotzi ordezkari Duñike Agirrezabalagak, etendako eraztun perimetrala gauzatzeko lanetan izan duten arazo baten harira.
Gogoratu behar da lanak egiteko zortzi hilabeteko epea ezarri zuela udalak, eta Eneko Goia alkateak adierazi zuela turismo bulego berria uda osterako irekitzea aurreikusten dutela.
Bizilagunekin plataforma kritiko agertu da bulegoa udaletxean kokatzearekin: “Hiria turistei harrera egiten dien eraikinetik gobernatu nahi dute. Zentralitatearen eta lehentasunen erakusgarri”.
Bulegoaren xehetasunak
886 metro koadroko espazioa izango du turismo bulego berriak, baina 651 metro koadro hartuko ditu bere zerbitzuak eskaintzeko. Bi sarbide izango ditu, eta biak eraikinaren ohiko sarreretatik bereizita egongo dira. Hortaz, Bulebarretik eraikinak zuen sarrera berreskuratuko da, Pilatoren balkoiaren azpian. Bigarren sarrera, berriz, Alderdi Ederreko terrazan egongo da, eta horretarako, liburutegira sartzeko igogailua aldatuko dute.