Donostiar bat larriki zauritu dute Sorian
Numancia eta Cornella taldeek larunbatean Sorian (Gaztela eta Leon, Espainia) jokatutako partida baten harira, istiluak izan ziren, eta 44 urteko donostiar bat larriki zauritua izan zen. Ultra batzuek eraso egin zieten berari eta beste hainbat pertsonari, eta donostiarra Burgoseko ospitalera eraman zuten, zauri larriekin. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) dago orain, haren emazteak Naiz hedabideari azaldu dionez, “koma induzituan”. Haren gertuko pertsona batek hedabide honi azaldu dionez, Antiguako bizilaguna da, eta Cornellako lagunekin partida ikustera joan zen Soriara. Ebakuntza egingo diote, burmuineko presioa arintzeko.
Istiluak Los Pajaritos estadioaren inguruko taberna batean gertatu ziren, ultra talde bat barruan zeudenak erasotzera sartu zenean. Partidaren aurretik izan ziren istiluak, eta ondoren ere istilu gehiago izan ziren. Lau lagun atxilotu zituzten guztira.