EAJk irabazi ditu hauteskundeak, tarte txikiarekin
Alderdi jeltzaleak bederatzi zinegotzi izango ditu, 2019an baino bat gutxiago. EH Bilduk izan du gorakada nabarmena, zortzi zinegotzi eskuratuta –bi gehiago–. Aldiz, PSE-EEk bost zinegotzi, PPk hiru eta Elkarrekin Podemosek bi lortu dituzte.
Azken bi udal hauteskundeetan gertatu moduan, Eneko Goia jeltzalearen hautagaitzak irabazi ditu Donostiako udal hauteskundeak. EAJk lortu du boto gehien. Horrela ere, aurpegi gazi-gozoak egon dira Antiguako Batzokian. EAJko Gipuzkoa Buru Batzarreko Joseba Egibarrek balorazio negatiboa egin du: “Gaurko gaua ez da ona, eta irakurketa kritiko bat egin behar dugu. Gizarteak hitz egin du, eta hor dago herriaren epaia”. Izan ere, Donostian garaile izan den arren, 10.000 boto inguru galdu ditu lau urtean EAJk.
Ez dute arrazoien balorazio xeheagorik egin, baina aurrera begira “zer hausnartua” dagoela adierazi dute. Bi erreferentzi nagusi zituztela onartu dituzte, Donostia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak, eta, bi horietan emaitza kaskarrak direla onartu dute. Gipuzkoan 25.362 galdu dituzte.
Eneko Goiak ere hartu du hitza eta alderdikideei eskerrak eman dizkie. Emaitzak espero baino okerragoak zirela onartu du Goiak: “Ez da gau on bat”. Edonola ere, irabazleak direla nabarmendu du Goiak. Ez da Egibar bezain autokritikoa izan baina honela baloratu du bozka beherakada: “Ulertzen ditut mezuak, eta horiek ulertuta jarraituko dugu. Hiritarren zerbitzura dago EAJ. Hemen gaude eta hemen jarraituko dugu”.
Alkate izango dela argi esan dute EAJko kideek. Ordea, Gipuzkoako Diputazioan Maialen Iriartek (EH Bildu) irabazi duen arren, Eider Mendoza (EAJ) Ahaldun Nagusi izaten saiatuko dela agindu dute.
EH Bildu nabarmen igo da
Dena dela, Juan Karlos Izagirre alkategaiaren EH Bildu izan da boto kopuruan gehien igo dena, 2019ko bozekin alderatuta. Are gehiago, orain arte hirian lorturiko emaitzarik onena gainditu dute. 2011n 21.110 boto eskuratu zituzten. Zinegotzi kopuruari dagokionez, bi gehiago izango ditu EH Bilduk; sei izatetik zortzi izatera pasatuko dira. 2019an 20.517 boto izan zituzten, eta, aurten, 23.392, inoizko emaitzarik onenak.
EH Bilduk Tabakalerako Prisma aretoan egin du balorazioa, eta bertan izan da Izagirre, Maddalen Iriarte, Arnaldo Otegi eta koalizioko beste hainbat kiderekin batera. Jende andana batu da Prisma aretoan EH Bilduren arrakasta ospatzeko. Iriartek nabarmendu duenez, “Gipuzkoak gobernu aurrerakoi bat izatea erabaki du”, eta “emozio handiko gaua” dela ziurtatu du: “Ez naiz nekatuko eskerrik asko esaten”. Horrekin batera, bihartik aurrera lanean hasiko dela adierazi du.
Otegik hartu du hitza jarraian, eta pozik agertu da emaitzekin: “Gau magiko bat izango zela esan genuen kanpainan zehar, eta horrela izan da”. Otegiren ustez, “ziklo aldaketa baten lehen urratsa eman da hego Euskal Herrian”. Lehen indar politikoa direla nabarmendu du, eta ezker independentistak eta EH Bilduk ziklo berri bat “estreinatu” dutela. “Gure marea da, poliki igotzen dena, baina gaur marea oso altu utzi dugu eta asko indartu da”, adierazi du Otegik. Gaurko emaitzak “izugarriak” izan direla uste du.
PSE-EEk bost zinegotzi
Marisol Garmendia PSE-EEren alkategaiak gaur egun bere alderdiak dituen bost zinegotziak mantendu ditu. Zenbaketaren azken momentura arte sei zinegotzi izango zituela zirudien, baina azkenean bost zinegotzi izango dituzte. 16.239 boto lortu dituzte, eta 2019an 16.929 boto lortu zituzten.
PPk hiru zinegotziak mantendu ditu
PPk egungo hiru zinegotziei eustea lortu du, eta Borja Corominas alkategaia “pozik” agertu da, nahiz eta hedabide honi adierazi zion laugarren zinegotzitik aurrera egongo zela pozik. Laugarren zinegotzia lortzeko “salto kualitatiboa” eman ez izanaren arrazoien inguruan hausnartu beharko dutela aitortu du, baina emaitzekin ez ezik, “lau urteotan egindako oposizioarekin pozik” agertu da Corominas: “Oposizio zuhur, serio eta txuri-urdineko buruak izaten jarraituko dugu”. 10.590 boto lortu dituzte popularrek, eta 2019an 10.263 lortu zituzten.
Elkarrekin Podemosek zinegotzi bat gutxiago
Elkarrekin Podemosen alkategai Victor Lasak aitortu du ez dutela lortu nahi zuten emaitza, bi zinegotzi izango baitituzte udalean, orain arte baino bat gutxiago. “Autokritika egiteko garaia da, eta baita proiektuaren alde lan egiten jarraitzekoa ere, hiriaren etorkizunerako beharrezkoa izaten jarraitzen duela uste dugulako”. Halaber, “eskerrak” eman dizkie euren aldeko botoa eman duten donostiarrei zein herritar guztiei, eta “Donostia jasangarriago, bidezkoago eta parte hartzaileago baten alde lan egiteko konpromisoa” berretsi du. 7.063 boto lortu ditu aurten koalizio aurrerakoiak, eta 9.485 lortu zituen 2019an.