Euskal Herriko eta diasporako mintzalagunek Mintza Eguna ospatu dute Donostian
Euskal Herriko eta diasporako mintzalagun, mintzakide eta berbalagunak Donostian elkartu ziren larunbatean, Mintza Egunean. Bagera euskaltzaleen elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak egitarau oparoa antolatu zuten, Donostiako Udalaren babesletzapean eta hainbat laguntzaileren ekarpenari esker. Parte hartzaileek elkar ezagutu eta “egun pasa ederra” egiteko aukera paregabea zuten, eta jai giroa “nagusi” izan zela adierazi dute antolatzaileek.
Goizeko harreraren eta hamaiketakoaren ostean, bertsoz lagundutako ibilbide batekin girotu zuten goiza. 12:30ean San Telmo Museora joan, eta mundu osoko mintzalagunekin batera Mintzodromoan parte hartu zuten. Guztira 170 lagunek parte hartu zuten, presentzialki zein modu birtualean. Mintzapoza elkarrekin praktikatzen jarraitzeko eta komunitatea trinkotzeko hitzordu nagusia bilakatu zen. Jarraian, esker emate ekitaldian une “hunkigarriak” izan ziren San Telmo Museoko elizan. Bertan Mintzalaguna, Mintzanet eta Jalgi Hadi Mundura komunitateek ekitaldiko parte hartzaileak omendu zituzten. Bazkalostean, jai giroa nagusitu zen bertaratutako mintzalagunen artean.
Aurten 30 urte beteko dira Euskal Herrian lehen Mintzapraktika egitasmoa abiatu zenetik. Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartea izan zen lehen pauso hura eman zuena, gerora mugimendu handia sortu duena. 1993ko abenduan izan zen: sei Bagerakide eta euskaltegietan ikasten ari ziren beste sei lagun elkartu eta justu hortxe sortu zen.
Geroztik, Euskal Herrira zabaldu da egitasmoa eta Mintzalagunen sarea. Gaur egun, 7.000 pertsonatik gora ari dira astero elkartzen Mintzapraktika egiteko.