Minbizia ikertzeko diru bilketa egingo dute Donostian ekainaren 3an
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan Donostiako kaleetara irtengo da ekainaren 3an, diru bilketa bat egiteko minbiziaren ikerketa eta gaixotasunaren biziraupenaren %70a bultzatzeko. Elkarteak jakinarazi duenez, minbizia munduko arazo soziosanitario “garrantzitsuena” da: “Bi gizonetik batek eta hiru emakumetik batek minbizia izango dute bizitzan zehar. Minbizi kasu bat diagnostikatzen da bi minutuan behin, eta 2030erako 330.000 kasu berri baino gehiago egongo direla kalkulatzen da”.
Gaur egun, ikerketari esker, biziraupen tasa %55,3koa da gizonezkoetan eta %61,7koa emakumezkoetan. Helburua 2030. urtean %70 gainditzea dela azaldu du Minbiziaren Aurka Gipuzkoanek, “hau da, minbizia duten hamar pertsonatik zazpik bizirik irautea”.
Horretarako, “ikerketa onkologikoa bultzatzen jarraitu” behar dela nabarmendu dute, eta pazienteek “bermatuta” izan behar dutela ikerketaren emaitzak lortzeko aukera, guztiek medikuntza eta tratamendu berritzaileagoak eskura ditzaten.
Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak ikerketa onkologikoko hainbat proiekturi ematen dio laguntza. 2022ean 374.651 euro bideratu zituen minbiziaren ikerketan aurrera egiten jarraitzeko, pazientearengan arreta jarriz. Gipuzkoa osoan elkarteak 15.135 bazkide eta 934 boluntario ditu. Doako zerbitzu guztiak (terapia psikosoziala, prebentzio jarduerak, material ortopedikoaren maileguak…), elkarteak jasotzen dituen dohaintzei esker eskaini ahal dira. “Beraz, diru bilketan parte hartzeak aukera emango dio Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteari paziente onkologikoei eta haien senideei laguntzen jarraitzeko”, adierazi dute.
Donostiako diru bilketa goizez egingo dute, hiriko hamar lekutan: Jose Maria Sert plaza, Gaskoinia plaza, Urbieta kalea (San Martinerako sarrera), Askatasunaren hiribidea (Txurruka kalea, izkina), Bulebar 14, Euskadi plaza 1, Zurriola hiribidea, Nafarroa Behera plaza, Arcco Merkataritza Zentroa (Irun plaza, 6) eta Madrid hiribidea 7.