Donostia 2136. urtean
Morirse en la Concha komiki distopikoaren inguruko erakusketak hartuko du Intxaurrondo Kultur Etxea, ekainaren 1etik 16ra bitartean. Nola izango da Donostia 2136. urtean? Galdera horri erantzuten dio Sr. Verde eta Kike Infame egileen komikiak.
Honela dio sinopsiak: “2136. urtean gaude eta Iberiar Penintsulako iparralde osoa urpean dago poloen urtzearen ondorioz. Hau da Leire Riscal eta Gato protagonisten abenturen agertokia. Donostiak eta Bilbok kristalezko kupula ultra erresistente eta iragazgaitz baten azpian jarraitzen dute, eta horrek, ironikoki, lur azaleko leherketa nuklear ugarietatik salbu mantendu ditu. Bi hirietan ez da hain gaizki bizitzen, baina duela gutxi birus arriskutsu bat zabaldu da haien txokoetan eta elkarte gastronomikoetan”.
2016an Morirse en Bilbao istorioa sortu zuten egileek, eta lau ataleko komikiak lortutako arrakastari esker, formularekin aurrera jarraitu zuten. “Komiki bakoitzean, uda zoro batean, protagonistak gure jairik adierazgarriak bisitatzen ditu. Leire Kontxara iritsiko da San Ferminak eta La Blanca bisitatu ondoren, lehorreratzearen ikuspegi bitxi batean”, diote egileek.
Autoekoizpen gisa kaleratu dute Morirse en la Concha komikia, eta aurkezpena ekainaren 1ean bertan izango da Intxaurrondo kultur etxean. Erakusketaren irekiera ekitaldia 18:30ean izango da. Aldiz, 19:00etan solasaldi bat egingo dute leku berean. Maite Caballero Guillotina autoekoizpen jaialdiko arduradunak, Josean Olabek, Asier Iturralde Gastonek eta Daniel Gojenolak parte hartuko dute, eta edizio independentea kudeatzeko moduez ariko dira. Kike Infamek eta Sr. Verdek moderatuko dute mahai ingurua. Ondoren, Tony Montana & Pavlyuchenko taldearen kontzertua izango da Musikagela zerbitzuaren eskutik.