Gladys del Estal omenduko dute larunbatean
Larunbatean (ekainak 3) 44 urte beteko dira Jose Martinez Salas guardia zibilak Gladys del Estal Egiako militante ekologista hil zuenetik, eta, urteroko legez, urteurrenaren bueltan omenaldia egingo diote Egiako parkean, Eguzki erakunde ekologistak eta Gladys Gogoan plataformak antolatuta. Normalean, ekainaren 3tik gertuen gelditzen den asteburuan egin ohi dute omenaldia, baina aurten larunbata denez ekainaren 3a, egunean bertan omenduko dute Egiako militantea.
12:00etan gelditu dira Egiako aldeko parkeko sarreran, eta erromerian igoko dira goiko belardira, Gladys del Estalen omenezko oroigarria dagoen tokira. Horrez gain, 11:30ean Bulebarrean gelditu da “Gladysen lagun talde bat”, omenaldira bizikletan joateko: “Ez da berez bizikleta martxa bat izango, baina animatzen dena ongietorria izango da”, azaldu dute ohar batean. Omenaldian, aurreskua dantzatuko dute, lore eskaintza egingo dute, elkarrekin abestuko dute, eta abar.
Omenaldia egiteaz gain, aurrera begira ere jarriko dira, azaldu dutenez: “Guk Gladys ez dugu gurtzen, ama birjina edo santu laiko bat balitz bezala. Guk Gladys gogoratzen dugu. Eta gogoratzen dugu gure laguna, gure kidea izan zelako, eta zigorrik gabe geratu zen bidegabekeria hura ahanzterik ez dagoelako. Baina Gladys ez dugu horregatik soilik gogoratzen. Gladys gogoratzen dugu, oroz gain, zorigaiztoko egun hartan Tuterara eraman zuten arrazoiak gaur egun ere erabat indarrean daudelako, inoiz baino gehiago, gainera, hori posible bada, behintzat. Horregatik aurtengo omenaldian ere egungo egoeraz hitz egiteko tarte bat utziko dugu”.
Gogoratu behar da Gladys del Estal Tuteran (Nafarroa) hil zuela tiroz Jose Martinez Salas guardia zibilak. Del Estal manifestazio antimilitarista eta antinuklear batean parte hartzera joan zen Tuterara. Hilketa gertatu zenetik 40 urte bete zirenean, erreportaje zabala ondu zuen hedabide honek; bestalde, hemen ikus ditzakezue iazko omenaldiko irudiak, bideoa eta kronika.