Ostegunean hasiko da udako denboraldia Donostiako hondartzetan
Ostegun honetan hasi, eta irailaren 30era arte iraungo du uda denboraldiak Donostiako hondartzetan. Azken egunotan hondarra mugitzen aritu dira, denboraldia hasi aurretik prest edukitzeko hondartzak.
Miguel Angel Diez Hiri Mantentze Lanetako zinegotziak adierazi du denboraldiko berritasun handienetako bat Kontxako aldagelena dela, erabat berritu dituztelako. Bi alditan egin zituzten lanak: iaz aurrenekoa, eta 2022ko udan hasi eta orain amaitutakoa bigarrena. Denera 459.996 euroko aurrekontua izan dute lanek.
Aldagelak
Kabinen ordutegia 09:00etatik 20:00etara izango da, ekainetik irailera, eta baita 20:30era bitarte ere uztailean eta abuztuan. Ixteko ordua izateko ordu erdi baino gutxiago falta bada, ez da aldageletara sartzeko aukerarik izango.
Olanak eta eguzkitakoak
Ekainaren 6an eta 7an sartuko dituzte olanei eta eguzkitakoei eusteko hesolak, eta ekainaren 15etik irailaren 15era izango da zerbitzua. 440 olana izango dira Kontxan, 240 Zurriolan eta 720 olana eta karpa Ondarretan.
Zozketa eta esleipen prozesua egin ondoren, libre gelditu ziren toldo batzuk, zuzenean saltzeko moduan. Gaur egun, egoera hau da: Kontxan toldo guztiak okupatuta daude; Zurriolan, 240 toldoetatik 78k libre jarraitzen dute eta Ondarretan, 98tik 26 karpa daude libre. 198 eguzkitakoak okupatuta daude jada, eta 424 toldoak ere bai, bi izan ezik, mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat gordetzen baitira.
Balizaje berria
Denboraldi honetako beste berrikuntzetako bat Kontxako bainu-guneko balizamendu berria da. “Baliza berriak jarri ditugu, horiak, Itsas Kapitaintzaren gomendioei jarraiki”, azaldu dute udaletik. Eta datozen egunetan, gabarroiak ere jarriko dituzte.
Aurten, hondartzan ikastaroak eman ditzaketen bederatzi surf eskolari eman zaie baimena. Hauek dira baimendutakoak: Oreka, Pukas, Duna Surf, Zuhaizti, Patris Surf, Zurriola Surf, Free Surf, Groseko Indarra eta Bera Bera Surf.
Sorospena
Sorosleen dorreak ere jarri dituzte, eta BPXport enpresak emango du zerbitzu hori aurten ere. Egurrezko lau dorre izango dira: bi Zurriolan, bat Kontxan eta beste bat Ondarretan. Sorospen zerbitzua ekainaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaituko da. Ordutegia 10:00etatik 20:00etara izango da, iraileko azkeneko hamabostaldian izan ezik, 10:30etik 19:30era izango baita orduan. 29 pertsona izango dira sorospen zerbitzua emateko prest, eta uretako bi motor ere izango dituzte.
Lagundutako bainua
Mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonentzako bainu lagundua Kontxan izango da ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean. Hiru aulki anfibio daude, eta 11:00etatik 19:30era izango da zerbitzua.
Garbiketa
Donostiako hondartzak urteko egun guztietan garbitzen dira. Udan, hala ere, zerbitzu handiagoa izaten da. Aurten 22 langile arituko dira hondartzak egunero garbitzen.
Horrez gain, ontzi batek egunero jasotzen ditu badian ur gainean izaten diren zikinkeriak; eta gabarroiak eta Santa Klara uhartea ere garbitzen dira.
Azkenik, gogorarazi dute maiatzaren 31 izango dela txakurrak hondartzara sartu ahal izango diren azkeneko eguna.