Pedalontzian ibiltzeko aukera eskainiko du larunbatean Arrauning aisialdi enpresak

Urumea ibaian pedalontzian aritzeko aukera izango da larunbatean, ekainaren 3an, Arrauning aisialdi enpresaren eskutik. Ramon Barea Eguna ospatuko dute lehenengo aldiz, izan ere, 1893ko ekainaren 3an patentatu zuen Ramon Barea ekintzaile, enpresaburu eta asmatzaileak belozipedo nautikoa. “Urumean probatu ondoren, Kontxan egin zituen probak. Arrakasta eta oihartzun handia izan zuen, eta asmakizuna lau haizetara zabaldu zuten”, azaldu du Unai Elizasuk, Arrauning enpresaren gerenteak.
Festa aitzindari honen helburua da, alde batetik, bere asmatzaile “burutsua” gogoraraztea, eta bestetik, egun horretatik aurrera eta urte osoan, familiek Urumean gozatu ahal izango duten jarduera berria ezagutaraztea.
Elizasuk dioenez, pedalontziak ibaira ekarri nahi izan dituzte donostiarrei eta gipuzkoarrei erakusteko, kirol, historia, ekologia eta aisialdiko jarduera gisa. “Arrauning filosofia gure Urumea ezezaguna ezagutaraztea izan da beti. Izan ere, gauza bat ezagutzen duzunean, hura zaintzen eta maitatzen hasten zara”, azaldu du.
Hala hasi zen altzatarra gailu honi buruz Interneten ikertzen, eta bat-batean ezusteko batekin egin zuen topo: Ramon Barea izan zen mekanismoaren asmatzailea Donostian, eta gainera, “Arrauning-en filosofia bera” zuela jakin zuen. Ikuspegi horretatik abiatuta, Elizasuk Donostia ikusteko eta kirola egiteko beste modu bat bultzatu nahi du, gaur egun, “pertsona askorentzat” kanoan arraun egitea “deserosoa” dela ikusita. “Beraz, zergatik ez ekarri pedalontzirik? Pedalontzi esaten diozun edonori irribarrea ateratzen zaio, haurtzaroko edo oporretako oroitzapenak ekartzen dizkiolako gogora. Orduan, zergatik ez izan pedalontzirik bere prototipoa probatu zen ibaian eta antzina Donostiako goi mailako gizarte osoaren pasealekua zen tokian?”, adierazi du Elizasuk.
Otsailean, Elizasuk pedalontzi horietako lau eskuratu zituen –belomarra, patinetea, pedal-patina, hidropedala ere esaten zaio–, Barearen hasierako filosofiari jarraiki kirol-jarduera berritzailea eskaintzeko. “Birraitona bere garairako aurreratua izan zen, itsasoa bizikletarekin, ariketarekin lotzea erabaki baitzuen. Garai hartan ia inork ez zekien igeri egiten, arrantzaleek eta kaiko jendeak izan ezik. Bere ustez, aparatu hau oso komenigarria da gaixoentzat edo garapen fisiko gutxiko pertsonentzat. Hau guztia Isabel II.a 1845ean Donostian herpesa sendatzen hasi zenean jaio zen”, dio Ramon Barea Unzueta historialariak eta pedalontziaren sortzailearen birbilobak.
Hala, ekainaren 3an Loiolan ospatuko duten Ramon Barea Eguna izeneko ekitaldiaren ondoren –Ramon Barea izena jarriko zaio pedalontzi bati– belomarrak eskuragai izango dira urte osoan Jose Antonio Agirre Lehendakariaren zubiaren ondoan, Amaran, dagoen arrapalan.
Festa familia osoarentzat
Ramon Barea Eguna Loiolako Latxari plazan izango da, Arrauning-ek egoitza duen lekuan bertan. Larunbatean, hala nahi duen orok bost edo hamar minutuko itzulia egin ahal izango du pedalontzietan, horretarako buiekin mugatutako ibilbidean zehar.
“Pedalontzi bakoitzean gehienez bi heldu eta bi haur, heldu bat eta hiru haur edo bi heldu joan ahal izango dira. Haurren gutxieneko adina 6 urte izango da, eta pertsona guztiek salbamendu-txalekoekin parte hartu beharko dute”, azaldu du Elizasuk. Bakoitzak hiru euro ordaindu beharko du pedalontzietan ibili ahal izateko.
Lau denbora-tarte proposatu ditu: 16:00etan, 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan. Erreserbak aldez aurretik egin behar dira Arrauningen webgunean bertan. Erreserba bakoitza pedalontzi bati dagokio. Zalantzak honako telefono honetan argi ditzakete: 658-72 54 98.