Euskal Eskola Publikoaren aldeko manifestazioa egingo dute ekainaren 9an
Hezkuntza Legearen aurreproiektuarekiko duen desadostasuna dela eta, Euskal Eskola Publikoaren aldeko plataformak manifestazioa antolatu du ekainaren 9an EAEko hiru hiriburuetan. Donostian, Bulebarretik abiatuko da, 18:00etan.
Manifestazio horiek iragartzeko prentsaurrekoa egin dute goizean plataformako kideek Koldo Mitxelena Kulturunean, eta Jon Errea eta Elena Cardenas plataformako kideak arduratu dira manifestua irakurtzeaz. Azaldu dutenez, Hezkuntza Legearen aurreproiektuak “eskola publikoa indartu ordez, ahuldu egiten du”.
Lehenik eta behin, euskal eskola publikoaren alde egoteko arrazoiak aipatu dituzte. Alde batetik, hezkuntza eskubidea bermatzen duen “sare bakarra” dela uste dute: “Hezkuntza publikoak aukera berdintasuna bermatzen die ikasle guztiei, eta egoera desorekatuen orekatzaile da”. Euren iritziz, eskola publikoak “gizarte osoa” hartzen du bere baitan, eta “aniztasuna” du ikur, “bere izaeraz inklusiboa baita, integratzailea”.
Horrez gain, eskola publikoa “laikoa” dela nabarmendu dute: “Tolerantzia bermatzen du, eta modu positiboan errespetatzen ditu aukera ideologiko, politiko eta moral anitzak. Hortaz, herritar kritikoak hezten ditu, euren kabuz pentsatzeko eta erabakitzeko gai izango direnak”.
Hizkuntzari dagokionez, euskal eskola publikoak euskara duela “ardatz” adierazi dute, eta azaldu dute azken hamarkadetan eskola publikoa izan dela ikasle gehien “euskaldundu” dituen hezkuntza sarea. Era berean, nabarmendu dute “kalitatezko” hezkuntza aukera bat dela ikasle ororentzat: “Norbanakoen beharrei erantzuten saiatzeaz gain, bere ikasgelak ikasle bikain ugariren harrobi dira”.
Aurreproiektu berriaren aurka
Euskal eskola publikoaren aldeko aldarria egin ostean, Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren aurka zer duten azaldu dute. Lehenik eta behin, uste dute lege horrek ez duela eskola publikoa hezkuntza sistemaren “muinean” kokatzen. “Izan ere, publiko-pribatu sistema duala betikotu nahi du, Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko asmatu berri baten bidez. Egitura honek ez du oinarri juridikorik, eta Europan guztiz ezohikoa da”, nabarmendu dute. Plataformako kideen iritziz, sare pribatua eta publikoa “berdindu” egiten ditu, “gauza bera bailiran”: “Baina denok dakigu bai helburuz, baita baldintzez ere biak guztiz desberdinak direla”, aldarrikatu dute.
Gainera, uste dute aurreproiektuak ez duela eskola publikoa “lehenesten”, “itunpeko ikastetxeei aro luze baterako etorkizuna zein finantzaketa bermatzen dien bitartean”. Ordea, uste dute eskola publikoak plangintza estrategiko bat behar duela, auzo zein herri guztietara hedatzeko, “azpiegitura egokiz eta nahiko baliabidez hornitua izateko, hezkuntza sistemaren erreferentziazko sare nagusi bihurtu dadin”.
Ikastetxe guztiak, publikoak barne, enpresa gisa programa-kontratuen bidez “merkatuaren logikan” sartzen dituela iruditzen zaie, “ikastetxe guztien arteko lehiakortasun lasterketa zoroa sustatuz”. Lehia hori publikoaren “kalterako” dela adierazi dute.
Horrez gain, adierazi dute aurreproiektuak ez duela umeen euskalduntzea bermatzen, “ez baitu zehazten nola, ezta zein baliabidez, lortuko diren ezarritako helburuak”. Era berean, uste dute hezkuntza sistemak duen “segregazio arazo larriari” aurre egiteko proposatzen dituen neurriak “alferrikakoak” direla, ez dutelako arazoaren “sustraira” jotzen.
Bestalde, “zehaztapen argirik” jasotzen ez duenez, nabarmendu dute legeak ez duela benetan hezkuntza laikoaren “alde” egiten.
Hori dela eta, eskola publikoa “benetan erdigunean” jarriko duen hezkuntza sistema bat aldarrikatzeko bilduko dira ekainaren 9an.