Euskal nazio ikurren hirugarren bilkura egingo dute larunbatean
Euskal nazio ikurren hirugarren bilkura egingo dute larunbatean, ekainaren 3an, Ernest Lluch kultur etxean. Nazio Ikurren lantaldeak antolatu du, eta Biltzarre burujabetzako ekimenen bilgunean sortutako egitasmoa da, euskal nazioari dagokion sinbologia lantzen duena.
Orain arte bi bilkura egin dituzte eta horietan, besteak beste, ikurrei buruzko informazio sakona jaso da, ikur batzuetan proposamen berriak egin dira eta ondoren gogoeta prozesua zabaldu da. Landu diren ikurrak honako hauek izan dira: nazioaren izena, armarria, bandera, ereserkia, egutegia, aldarria, nortasun agiria eta internet domeinua.
Larunbat honetan hirugarren bilkura egingo da, 10:00etatik 14:00etara. Bertan bost hitzaldi izango dira: Iñaki Azkoaga Bastidak Baskonia izenari buruz argitaratu duen liburua azalduko du; Jose Mari Espartzak eta Gontzal Mendibilek Gernikako Arbola Euskal Herrirako ereserkia izan dadin egin diren ekimenen berri emango dute; Zigor Bilbao Erleagak lauburuan oinarritutako ikurrina berria proposatuko du; Iñaki Lopez de Luzuriagak Euskal Herriaren memoriaren lekuak, ikurren eta memoriaren arteko loturak azalduko ditu, eta azkenik, Urtzi Ihitza Sainzek euskal tarota eta ikurrina izango ditu hizpide. Amaieran, mahai ingurua egingo da.
Sarrera doakoa da, eta parte hartu nahi duenak mezu bat bidali beharko du biltzarre@biltzarre.eus helbide elektronikora.