Ez dute Donostia Festibala antolatuko aurrerantzean
Last Tour International promotoreak azaldu duenez, aurrerantzean ez dute irailean egiten den Donostia Festibala antolatuko. Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakinarazi du berria, eta nabarmendu du enpresa horrek ez dituela erabakia hartzeko arrazoiak azaldu, ezta etorkizunean jaialdia berriz antolatzeko asmorik duten ere.
Donostia Festibala zen Last Tourrek Gipuzkoan antolatzen zuen jaialdirik handiena –2019an 18.000 ikusle inguru bildu zituen–, eta gaur egun hipodromoan egiten bazen ere, lehenengo edizioa, Kutxa Kultur Festibala izenpean, belodromoan izan zen, 2011n. Sergio Cruzadok sortu zuen jaialdia, eta lehen edizio hartan, besteak beste, Primal Scream, We Are Standard, Thee Brandy Hips eta Fanfarlo taldeen kontzertuak ikusteko aukera izan zen.
2012an, Igeldo Mendira lekualdatu zuten jaialdia, eta antolakuntza errazteko, Cruzadok Last Tour promotorearekin harremanetan jartzea erabaki zuen, Kutxabankekin batera jaialdia antolatu zezan. 2014ean hasi zuten lankidetza hori, eta jaialdia indartsua bazen ere, Igeldo Mendian antolatzeak zekartzan arazo teknikoak zirela eta, Kutxa Kultur Festibala hipodromora lekualdatzea erabaki zuten 2017an. Urte hartan, Kutxabankek jaialdia uztea erabaki zuen, eta Donostia Festibala izena hartu zuen orduan. Last Tourrek iaz antolatu zuen azken aldiz Donostia Festibala, eta Nogen, Bengo, Lola Indigo, Melendi eta Nil Moliner izan ziren bertan, beste hainbaten artean.
Boga Boga jaialdia
Last Tourrek jaialdia bertan behera uzteko erabakia hartu badu ere, Sergio Cruzadoren Gin Musica promotoreak eta Dabadaba aretoak jaialdi berri bat antolatu dute Donostian: Boga Boga jaialdia.
Donostiak euskal eszena alternatiboarekin zuen “hutsune emozionala” betetzeko dator Boga Boga, eta iraileko bigarren asteburuan egingo da, Ondarretako hondartzan, Miramar jauregian, Dokan, Dabadaban eta Txillida Lekun antolatu dituzte kontzertuak.