Gasteizko erailketa matxistaren kontra mobilizatu dira Donostian
Elkarretaratzea egin du mugimendu feministak asteartean Donostian, Gasteizko erailketa matxista salatzeko. Maialen Mazon deitzen zen eraildako emakumea, eta Gasteizen hil zuen, ustez, bere bikotekide ohiak, ihes egin aurretik.
Mazonen ustezko hiltzailea kartzelan sartu zuen atzo epaileak, astelehenean Guardia Zibilak Zaragozan (Espainia) atxilotu ostean. Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak adierazi zuen Ertzaintzak urtarriletik zekiela gizonak urruntze agindua urratzen zuela, eta gehitu zuen ez dela “erraza” bere burua “arriskuan ikusten ez duen biktima bat” babestea. Feministen haserrea piztu dute adierazpen horiek, baina Iñigo Urkullu lehendakariak Segurtasun sailburuaren hitzak babestu zituen atzo, eta haren hitzei “sinesgarritasuna” emateko eskatu zuen.
Mugimendu feministak haserre erantzun dio Euskal Herriko aurtengo bigarren erailketa matxista honi: “Ozen esaten dugu feminismoaren bidea dela soilik gizartea errotik aldatuko duen bidea. Autodefentsarako deia egiten dugu, feministak batu behar gara gizartea errotik aldatzeko. Bizitza bizigarrien aldeko apustu erradikal bat egiten dugu, indarkeriarik, arrazakeriarik eta gorrotorik gabea”.
“Indarkeria matxista ez duelako etenik izango gizartea egituratzen duen matxismoarekin amaitu arte. Indarkeria hau sistema heteropatriarkalaren ondorioa baita.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxatik indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu. Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula”, gehitu zuten.
Itaiak, astelehenean
Mugimendu feministak egindako elkarretaratze bateratuaz gain, Itaia emakume sozialisten antolakundeak ere elkarretaratzea egin zuen astelehenean. “Arau kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du”, esan zuen Itaiak azken hilketa matxistaren harira. Hala, “zaurgarritasun egoera baliatuz”, “emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen” direla salatu zuen.
Beharrezkotzat jo zuen, “emakume langileon aurkako eraso ororen aurrean, erantzun eraginkorrak hedatzea, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta emakumeok egoera horretatik askatzeko baliabide ekonomiko zein sozialak garatzeari ekitea”.