Jewel Tunstull fitxatu du Ibaeta Basketek
Jewel Tunstull pibot estatubatuarrak (New York, AEB, 1992) Ibaeta Basketekin sinatu du, 2023-2024ko denboraldirako. Ibilbide luzea du 1,90 metroko altuerako jokalariak, Northeastermeko unibertsitatean bere ibilbidea abiatu zuenetik, hainbat ligatan jokatu baitu.
Klub donostiarraren aurka jokatu du urteotan, Cadi la Seuko jokalaria izan baita 2021etik hona. Azken denboraldian, hamaika partida jokatu ditu Eurocup txapelketan, eta, batez beste, 10,5 puntu sartu ditu partidako, 3,9 errebote hartu ditu, zelaiko jaurtiketen %55,7 sartu ditu, hirukoen %25 eta jaurtiketa libreen %68,2. Ligan, 32 partida jokatu ditu, eta, batez beste, 9,3 puntu sartu ditu neurketa bakoitzean, 4,4 errebote hartu ditu, zelaiko jaurtiketen %51,5 sartu ditu eta jaurtiketa libreen %77,4.
Tunstull Ibaeta Basketek 2023-2024ko denboraldirako egindako bosgarren fitxaketa da, aurretik Becky Massey, Erin Whalen, Alba Prieto eta Lara Gonzalez fitxatu baititu. Bestalde, Yurena Diaz eta Maria España kapitainen kontratuak berritu ditu klub donostiarrak. Izan ere, hainbat baja izan ditu taldeak hurrengo denboraldirako: Mariam Coulibaly, Joy Adams, Cristina Soriano, Alima Dembele, Nicole Cardaño, Natalia Rodriguez, Claudia Cuic eta Paula Estebas.