Koman jarraitzen du Sorian ultraeskuindar batzuen erasoa pairatu zuen donostiarrak
Donostiar bat larriki zauritu zuten ultraeskuindar batzuek larunbatean Sorian (Gaztela eta Leon, Espainia), eta medikuek koma eragin zioten; Naiz hedabideak argitaratu duen informazioaren arabera, gizonak koman jarraitzen du. Senideek hedabide horri azaldu diotenez, “oso egoera larrian” jarraitzen du Antiguako bizilagunak.
Numancia eta Cornella taldeek larunbatean Los Pajaritos estadioan jokatu zuten partidaren harira zegoen donostiarra Sorian, Cornellako lagunekin partida ikustera joan baitzen hara. Istiluak estadioaren inguruko taberna batean gertatu ziren, ultraeskuindar talde bat barruan zeudenak erasotzera sartu zenean, tartean koman dagoen donostiarra.
Erasoaren ondorioz, lurrean botata gelditu zen gizona, buruan zauri bat zuela. Burgosko ospitalera eraman zuten, eta besteak beste burezurrean eta belarriko hezurrean hausturak bazituen ere, hara kontziente iritsi zen. Ordea, mintzamenean inkoherentziak atzeman zizkioten, eta koma eragitea erabaki zuten medikuek. Hala ere, ebakuntza egin behar izan zioten, garezurraren zati bat kendu eta buruko presioa arintzeko, buruko kalte gehiago ez izateko. Naiz-en arabera, horrek ere ez zuen fruiturik eman, eta igande arratsaldean hipotermia bat eragin zioten, baina ordutik ere ez da hobekuntzarik izan.
Oztopoak
Donostiarraren bikotekideak aipatu hedabideari azaldu dionez, gertakarien eguneko polizia atestatuan Espainiako Poliziaren aurkako erasoak baino ez ziren aipatzen, eta zen ezer esaten zauritua izan zen zibil bati buruz; koman dagoen gizonari buruz, alegia. Horregatik, bikotekidea eta biktimaren anaia Soriara joan ziren txosten medikoa aurkeztera eta salaketa jartzera. “Salaketa jarri dugu, baina munduko zangotrabak jarri dizkigute. Liskar bat izango balitz bezala saldu nahi dute eta ez da horrela”, esan diote senideek Naiz-i.
Espainiako Poliziak lau lagun atxilotu zituen erasoaren harira, eta epailearen aurretik pasatu ostean, aske gelditu ziren; gainera, senideek ez daukate atxilotuen inguruko berririk, prentsan agertu denaz gain. Horrela, abokatu baten eskuetan jarri dute kasua, hurrengo pausoak emateko.