Amara Berriko bizilagun bat etxegabetze arriskuan dago

Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenez, 76 urteko donostiar bat, etxegabetua izateko arriskuan dago. Riberas del Urumea S.L. enpresa da gizonaren etxebizitzaren jabea eta alokatzailea, eta alokairu kontratua amaitu dela argudiatuta, hilaren 9rako ezarri du kaleratze agindua, 10:30erako. Etxegabetzea geldiarazi dezatela eskatzeko, Kaleratzeak Stop plataformak, Bentaberriko Alokairu bizilagunen elkarteak eta Azorako Maizterrak elkarteak agerraldia egingo dute bihar (hilak 2) Bulebarreko kioskoan, 11:00etan. Maizterra, Pedro, Amara Berrin bizi da, Antso Jakituna hiribideko 35. zenbakian.
Plataformak azaldu duenez, Pedro jubilatuta dago eta oso pentsio txikia jasotzen du: 5.899,60 euro urtean. Egoera zaurgarri hori dela eta, otsailean, kaleratze agindua bertan behera uzteko eskatu zuen Pedrok Donostiako epaitegian, baina epaitegiak deuseztatu egin zuen eskaera, Kaleratzeak Stopek nabarmendu duenez, “modu ulertezinean”. Bestalde, plataformaren arabera, etxegabetzea maiatzaren 19an jakinarazi zioten gizonari, etxebizitza husteko 21 eguneko epea emanda soilik. Plataformak salatu du “ezinezkoa” dela etxea denbora tarte horretan hustea, Pedro 1960tik bizi baita han.
Pasa den ostiralean, Pedrok enpresari jakinarazi zion urte baterako alokairu kontratuaren ezohiko luzapenari heltzeko asmoa duela, Etxebizitza Lege berria baliatuta, kontuan hartuta enpresa higiezin askoren jabea dela eta Pedro zaurgarritasun ekonomiko eta sozial berezian dagoela. Halaber, epaitegiari etxegabetzea eteteko agindua emateko eskatu dio, kontratua urtebetez luzatu delako, hau da, 2024ko maiatzaren 26ra arte. Horrela, astelehenean, etxegabetzea gelditzeko eskatu diote berriz epaitegiari.
Kaleratzeak Stopek salatu du putre funtsek egin ohi dutena egiten ari dela Riberas del Urumea S.L.: “Jabe horrek, beste higiezinen enpresa batzuek eta inbertsio funtsek egiten duten moduan, eraikinak erosi ditu Donostian, eraberritzeko eta hotel edo luxuzko etxebizitza bihurtzeko, salmentan edo alokairuan. Horretarako, egungo bizilagunak bota behar dituzte. Antzeko estrategia jarraitzen ari da Azora putre funtsa Gros auzoko Bermingham kaleko 1. zenbakiko, Zabaleta kaleko 55. zenbakiko eta Segundo Ispizua kaleko 2. zenbakiko eraikinetan”.