AntiguON elkarteak piknik bat antolatu du tokiko merkataritza sustatzeko

AntiguON merkatari eta zerbitzuen elkarteak piknik bat egingo du ekainaren 21ean Miramar jauregian, udari ongietorria egiteko eta auzoko merkataritza sustatzeko helburuarekin. Egitasmo honen bidez, donostiarrei eta bisitariei gogorarazi nahi diete “oso garrantzitsua” dela hurbileko merkataritzari babesa ematea Antiguako saltokietan kontsumituz.
Ekainaren 1etik 16ra, elkarteko 35 saltokik zozketa batean parte hartzeko aukera emango diete bezeroei. Zozketa horretan, bi lagunentzako hamar piknik saski banatuko dira, eta parte hartu nahi dutenek kanpainara atxikitako dendetan erosketa egin beharko dute. Horrela, 100 eurotik gorako balioa duten saskietako bat eskuratu eta ekainaren 21eko piknikean gozatzeko aukera izango dute. Topaketa horretan, hamar irabazleek eta haien gonbidatuek Antiguako dendek eskainitako produktuak dastatu ahal izango dituzte, Miramar jauregiko lorategietan.
Sustapen egitasmoan sare sozialen bidez parte hartzeko aukera ere izango da, AntiguON elkarteak Instagramen duen profilaren bidez.