Donostiako Ospitalean ingresatutako emakumeak ebola izatea "ia ezinezkoa da" Osakidetzaren arabera
Emakume bat ospitaleratu dute Donostian, eta sukar hemorragikoa izan dezakeelakoan Osakidetzak protokoloa aktibatu du. Sukar hemorragikoen artean hauek daude: ebola, Marburg birusaren gaixotasuna, Lassa sukarra eta sukar horia.
Albistearen eguneraketa hemen.
Emakumea Urdulizko Ospitaletik (Bizkaia) Donostia Ospitalera lekualdatu dute gaur sukar hemorragikoa izan dezakeelakoan, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak baieztatu duenez. Gaixoa isolatuta dute Segurtasun Biologiko Handiko Ospitaleratze Eremuan, eta egonkor dago. Hainbat proba egin dizkiote, eta analisiek argituko dute gaitza duen ala ez.
Zabaldu denez, emakumea antropologoa da eta Afrika Erdiko Errepublikara egindako bidaia batetik itzuli berri da. Ostegun goizaldean joan da Bizkaiko erietxera, gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomak (sukarra, besteak beste) zituela.
Xabier Zubeldia Osakidetzako Donostialdeko ESIko zuzendariorde medikoak agerraldia egingo du gaur Donostia Ospitalean bertan, 13:00etan, kasuaren inguruko argibideak emateko.
Donostiako Ospitaleak eritasun mota hauek artatzeko segurtasun eta isolamendu baliabide bereziak dituen unitatea du —Espainiako Estatuan sei zentro baino ez daude—, eta Osakidetzak protokoloa abiatu ostean, bertara eraman dute gaixoa.
Sukar hemorragiko birikoak hainbat familiatako birusek sortzen dituzten gaitzak dira. Besteak beste, ebola, Marburg birusaren gaixotasuna, Lassa sukarra eta sukar horia daude horien tartean.
Ebolaren birusa 1976. urtean atzeman zuten aurrenekoz, Nzara (Sudan) eta Yanbuku (Kongo) herrietan aldi berean jazo ziren bi izurritetan. Bigarren herri hori Ebola ibaitik gertu dago; hortik dator gaixotasunaren izena.