Udako denboraldia ekainaren 5ean hasiko da udal kiroldegietan
Datorren astelehenean, hilaren 5ean, Etxadiko eta Intxaurrondoko kanpoko igerilekuak irekiko dituzte, baita solarium gunea eta Paco Yoldi kiroldegiko ur jokoak ere. Altzako kanpoko igerilekuak ekainaren 8an irekiko dituzte, instalazio osoa itxita egongo baita hilaren 6an eta 7an, urteko geldialdi teknikoagatik. Udako ordutegiak ere indarrean sartuko dira udalaren kirol instalazio guztietan
Igerilekua duten kirol instalazioak egunero irekiko dira udan, igandeak eta jaiegunak barne. Altza, Paco Yoldi, Etxadi eta Intxaurrondo kiroldegiek izango dituzte ordutegi zabalenak asteburu eta jaiegunetan, 09:00etatik 20:30era. Egia eta Gaska kiroldegietan iaz luzatutako ordutegiak mantendu egingo dira, eta ez dira itxiko eguerdian. Ordutegia 09:00etatik 20:30era izango da, astelehenetik ostiralera.
Bestalde, gogoratu Donostia Kirolaren webgunean eskuragarri dagoela instalazio guztietan espazioen okupazioa denbora errealean ikusteko aukera. Horrela, udan, kanpoko igerilekuetako edukieraren egoera ere ikusi ahal izango da une oro, eta horrek erraztu egingo die erabiltzaileei instalazioaren plangintza eta bertara joateko orduak.