Antso Jakituna kaleko gizon baten etxegabetzea bertan behera uzteko eskatu dute
Antso Jakituna kaleko 35. eraikinean bizi den 76 urteko Pedro Bosca bizilaguna etxegabetu nahi dute, eraikina eraberritu eta luxuzko 57 etxebizitza eraikitzeko. Riberas de Urumea S.L. enpresa da jabea eta demandatzailea, eta Kaleratzeak Stop, Alokairu Benta Berri eta Inquilinos Azora plataformek Boscaren etxegabetzea bertan behera uzteko exijitu diote. Etxegabetzea ekainaren 9an egitea aurreikusten da.
Prentsaurreko bat egin dute Bulebarrean Boscaren egoera azaltzeko, eta familiako ordezkari gisa, Beti Bosca izan da bertan, etxegabetu nahi duten gizonaren alaba. Azaldu dutenez, Riberas del Urumea enpresa jabearen administrazio kontseiluaren akta bat dute, 2016ko abenduan egindakoa. Horren bidez, onartu egin zen Boscaren eskaera, bere etxean bizitzen jarraitzeko. Bosca 1960tik bizi da bertan, eta bere kontratua “biziartekoa” da. Gainera, Boscak 2. graduko mendekotasun larria duela jakinarazi dute, eta Amarako gizarte-zerbitzuek egiaztatuta dute hori, txosten baten bidez.
Biziarteko kontratu hori etxegabetze demanda baten bidez “bidegabeki” amaitu nahi dutela salatu dute plataformek, eta Boscari ez ziotela ezer jakinarazi: “Egunkaria erostera joan zenean ohartu zen hortaz”, azaldu du Beti Boscak. Nabarmendu dutenez, errendatzailearengandik “mota guztietako presioak” jasan ditu, adibidez, berogailua eta ur beroa kenduz hiru urte baino gehiagoz.
Pasa den ostiralean, Boscak enpresari jakinarazi zion urte baterako alokairu kontratuaren ezohiko luzapenari heltzeko asmoa duela, Etxebizitza Lege berria baliatuta, kontuan hartuta enpresa higiezin askoren jabea dela eta Bosca zaurgarritasun ekonomiko eta sozial berezian dagoela. Halaber, epaitegiari etxegabetzea eteteko agindua emateko eskatu dio, kontratua urtebetez luzatu delako, hau da, 2024ko maiatzaren 26ra arte.
Boscak Riberas del Urumearen administrazio kontseiluaren akta duen arren, adierazi dute horrek ez duela eragozten enpresak kontratua amaitzeagatiko etxegabetze demanda bat abiaraztea. “Demanda horren amaiera da ekainaren 9rako kaleratze data ezartzea; izan ere, azalpenik gabe, Lehen Auzialdiko 7. Epaitegiak ukatu egin dio etxegabetze data ekainaren 30era arte atzeratzea, dokumentalki egiaztatutako kalteberatasun egoeran dauden pertsonen martxoaren 31ko 11/2020 Errege Lege Dekretua oinarri hartuta”, salatu dute.
Hori dela eta, Riberas de Urumeari eskatu diote etxegabetzea eteteko eta errenta eskuragarria eta bizi arteko iraupena duen etxebizitza bat eskaintzeko Boscari. Zentzu horretan, udalari ere bitartekaritza lana eta negoziazioa egin ditzala exijitu diote. “Etxebizitza eskubidea da, ez negozioa”, aldarrikatu dute.