Donostiako zein auzotako jaiak dituzu gustukoen?
llazki euskaltegiko ikasleek euren ustez Donostiako auzoetako jairik onenak zeintzuk diren azaldu dute.

Jose Luis Bastarrika (Parte Zaharra): “Karmengo jaietan oso giro ona egoten da, eta bertako jarduerek nire haurtzaroa gogorarazten didate”
Parte Zaharrean bizi naizen arren, kaian jaio nintzen. Nire familia arrantzalea da, beraz, niri, San Sebastian egunaz gain, gehien gustatzen zaizkidanak Karmengo jaiak dira. Oso giro ona egoten da, eta bertako jarduerek nire haurtzaroa gogorarazten didate. Karmengo jaiak dira onenak, eta nire familian ere Karmen asko daude.
Ana Pozas (Altza): “Lagun guztiak elkartzen ginen sanmartzialetan, eta primeran pasatzen genuen elkarrekin”
Ni Altzakoa naiz, nahiz eta gaur egun Urnietan bizi. Beraz, Altzako jaiak ditut gustukoen, sanmartzialak, ekainaren amaieran ospatzen direnak. Publiko zabalarentzako egitaraua egoten da, baina niri gehien gustatzen zaidana gaueko giroa izaten da. Lagun guztiak elkartzen ginen lehen, eta primeran pasatzen genuen elkarrekin.
Elena Ibarburu (Amara): “Berion ez genituen auzoko festak, beraz, ez dut ohiturarik horrelako festetara joateko”
Amaran bizi naiz duela gutxi, baina lehen Berion bizi nintzen. Han ez genituen auzoko festak, beraz, ez dut ohiturarik horrelako festetara joateko. Aste Nagusian kaira joaten naiz normalean, txosnetara, eta Parte Zaharrean egin ohi dugu parranda.
Pili Sanz (Eibar): “Altzako jaiak nabarmenduko nituzke; Larratxokoak, zehazki”
Eibarkoa naiz eta han bizi naiz, baina Donostiara etorri izan naiz parrandan. Aste Nagusiaz gain, gehienbat, Altzako jaiak nabarmenduko nituzke; Larratxokoak, zehazki. Behin, Eibarko Su Ta Gar taldeak kontzertua eskaini zuen Larratxoko jaietan, eta oso giro polita eta herrikoia izan zen. Primeran pasa nuen.
Elena Chavarri (Loiolako Erribera): “San Tomas egunean kuadrilla guztia janzten gara baserritarrez, eta oso giro polita izaten da”
Donostiako jaien artean, gehien gustatzen zaidana San Tomas eguna da. Agian, Gabonetako oporren aurretik delako, baina txikitatik ospatu izan dugu egun hori. Kuadrilla guztia janzten gara baserritarrez, eta txistorra jan, animaliak ikusi eta sagardoa edaten dugu. San Tomas egunean oso giro polita izaten dela iruditzen zait.
Maialen Mercader (Antigua): “Urtero joaten naiz Jazzaldira, eta talde berriak ezagutzea gustatzen zait gehien”
Niri gehien gustatzen zaidan festa Jazzaldia da, nazioartekoa delako eta mundu osoko musika taldeak etortzen direlako. Kultura sustatzeko oso ekitaldi polita dela uste dut. Urtero joaten naiz, eta talde berriak ezagutzea gustatzen zait gehien. Urtero etortzen dira hemen ezezagunak diren taldeak, eta, gehienetan, gustatu egiten zaizkit.
Marcos Garcia (Intxaurrondo): “Intxaurrondoko jaietan musikari asko elkartzen dira, eta esango nuke oso musikazaleak garela”
Jazzaldiaz gain, esango nuke Intxaurrondoko jaiak paregabeak direla. Sekulako martxa dago, eta kontzertuak antolatzen dituzte. Musikari asko elkartzen dira han, eta esango nuke, Intxaurrondoko bizilagunok oso musikazaleak garela. Besteak beste, Su Ta Garrek jo izan du Intxaurrondoko jaietan.