«Gizarte moduan, aitona-amonak erreferente gisa ikusi beharko genituzke»
Loiolako San Ignacio ikastetxeko 1. Batxilergoko ikasleak gara, eta gure ikastetxeko boluntariotza zertan datzan azaltzeko artikulu bat prestatu dugu, galderak gutako batzuek besteei eginez.
Zer da zuen ikastetxeko boluntariotza?
Gure ikastetxeko boluntariotzak zenbait elkarterekin egiten du lan. Asteko hainbat egunetan zehar ariketa ugari egiteko proposamena da batxilergoko ikasleentzat. Badaude arratsaldetan ikastetxeko ikasle gazteenei klase partikularrak ematen dizkieten ikasle zaharragoak eta, halaber, jolasak prestatzeaz arduratzen diren beste ikasle batzuk. Guretzat, boluntariotza, pertsonak laguntzeko aukera izateaz gainera, pertsona berriak ezagutzeko aukera bat da.
Zergatik eman zenuten izena ordutegitik kanpo bada?
Nahiz eta batzuetan ikastetxetik atera ostean neka eginda egon, aiton-amonekin pasatzen dugun denbora hori gure eginbeharretatik deskonektatzeko irtenbide gisa erabiltzen dugu, ikasketekin leporaino baikaude. Hala ere, horrek ez du esan nahi boluntariotzan ezer egiten ez dugunik. Egia esan, denbora guztian ari gara hainbat lan mota egiten. Esate baterako, askaria hartzeko orduan, jantokira joaten laguntzen diegu, besotik hartuta. Urte batzuk barru beste pertsonekin lan egin nahi izanez gero, zer izan daitekeen jakiteko zuzeneko ezagutza izan nahi genuen.
Zein zailtasun bizi dituzue?
Hasiera batean, beraiekin konektatzea zailagoa izango zela uste genuen, adin aldea dela eta. Guk proposatutako jarduerak ea ez zitzaizkien gustatuko edo zailegiak izango ziren beldur ginen. Azken finean, egunero egiten ditugun ariketak beraien mugikortasun urriarentzat egokituta daude. Beraiek errutina bat daukate eta ezin ditugu hortik atera, batzuk haserretzen edo aspertzen direlako.
Zer ikasi duzue pertsonalki eta gizarte ikuspegitik?
Zalantzarik gabe, momentuak partekatzea hirugarren adineko pertsonekin oso aberasgarria izan da guretzat, eta, gure ustez, oso baliagarria izan daiteke ere gizartearentzat. Alegia, hirugarren adineko pertsonek ausardia, ikasteko nahia, enpatia eta beste zenbait gauza erakusten dituzte. Haiek beti ikasteko prest daude. Bestalde, gizarte moduan, aitona-amonak erreferente gisa ikusi beharko genituzke.
Zein laguntza izan duzue esperientzia aurrera eramateko?
Gure ikastetxeko boluntariotza prestatzen duten pertsonengandik laguntza izugarria jaso dugu. Haiek lagundu digute boluntariotzaren aurrean hartu behar dugun jarrera mantentzen. Gainera, duela gutxi egin genuen hausnarketa saio bat, non boluntariotzan parte hartzen genuen guztiok gure esperientzia partekatu genuen.