70 ekitaldi baino gehiago hartuko ditu Musika Hamabostaldiak abuztuaren 3tik irailaren 1era

Abuztuaren 3tik irailaren 1era, 84. Musika Hamabostaldia Donostiako areto eta kultur gune nagusietan izango da. 70 ekitaldi baino gehiago izango dira, bertako zein nazioarteko publiko eta artisten arteko topagune.
Sarreren salmenta orokorra ekainaren 8an hasiko da, 11:30ean. Kontzertu guztietarako sarrerak www.musikahamabostaldia.eus webgunean eta Kursaaleko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan erosi ahal izango dira.
Aurten, Hamabostaldiaren Laguna izateak inoiz baino abantaila eta deskontu gehiago ekarriko ditu, baita sarrera solteen erosketan eta abonuen erosketan ere, %25eko deskontua izango baitute sarrerak erostean.
Kursaal Auditorioa
Kursaal Auditorioko kontzertu handien zikloari hasiera emateko, Pablo Ferrandez biolontxelo jotzaileak debuta egingo du jaialdian (abuztuaren 3an), Donostian, Rotterdam Philharmonic Orchestrarekin batera, Lahav Shani zuzendari titular berriaren gidaritzapean.
Rotterdam Philharmonic Orchestra abuztuaren 4an itzuliko da Kursaaleko agertokira, oraingo honetan Beethovenen 9. Sinfonia, Korala atriletan dutela.
Ballet Preljocaj konpainiak abuztuaren 7an Beltxargen aintzira aurkeztuko du, konpainiaren sortzaile eta zuzendari Angelin Preljocajek klasikoa oinarri hartuta ondutako bertsioan.
Chamber Orchestra of Europe orkestrak kutsu klasikodun kontzertua emango du Hamabostaldian (abuztuak 8), Beethovenen eta Sibeliusen arteko kontrasteekin jokatzen duen programa eskuartean duela.
Abuztuaren 16an, Grigory Sokolov pianistak errezital bat emango du, piano modernoan gutxi interpretatutako Purcell konpositore barrokoaren eta Mozarten lanekin.
Mahlerren 8. Sinfoniak eta bere handitasuna izango dira edizio honetako bigarren hitzordu sinfoniko-koral handiaren muina (abuztuak 18): 400 pertsona inguru izango dira eszenatoki gainean, post erromantizismoko autore garrantzitsuenetako baten piezarik enblematikoenetako bat interpretatzeko.
Abuztuaren 20an pianoko beste izen handienetako bat Kursaal Auditoriora itzuliko da: Mitsuko Uchida; baina oraingoan Jonathan Bissekin lau eskutara interpretatuko duen Schuberten programa monografiko batekin.
Hamabostaldiak ekoizpen propioaren bidez pieza eszeniko berrien sorkuntza sustatzen darrai, eta edizio honetan Per Poc Kataluniako txotxongilo konpainiak sortu eta zuzendutako Oedipus Rex oratorio erdi eszenaratuaren bertsio berri baten erabateko estreinaldia hartuko du (abuztuaren 24a).
Jaialdiaren azken txanpan, Anne-Sophie Mutter Kursaalera itzuliko da, Mutter’s Virtuosi bere kamera-taldearekin (abuztuak 26), aurten bere 60. urtebetetzea ospatzeko egiten ari den nazioarteko biran murgilduta.
Kursaal Auditorioko kontzertu-zikloari amaiera emateko, Die Deutsche Kammerphilharmonie Bremen taldea bitan izango da Donostian, Omer Meir Wellberen gidaritzapean.
Victoria Eugenia Antzokia
Abuztuaren 8an, Victoria Eugenia Antzokian izango da aurtengo Haurren Hamabostaldiko ikuskizun nagusia. Landarbaso Abesbatzak eta Kontarik, abesbatzaren haurrentzako sailak, Nora? ikuskizuna aurkeztuko dute.
Abuztuaren 28an, Enrike Solinisek sortu eta zuzentzen duen Euskal Barrokensemble taldeak, bereziki barroko garaiko musika berreskuratze lanean espezializatutako taldeak El amor brujo: esencias de la musica de Manuel de Falla ikuskizuna eszenaratuko du.
Tabakalera
Kursaal Auditorioarekin batera, Tabakalera izango da 84 Musika Hamabostaldiko dantza eskaintzaren erreferentziazko egoitza. Abuztuaren 17tik 22ra, Patioan eta eraikineko beste espazio batzuetan edizio honetako lau dantza proposamen bilduko dira, sorkuntza koreografikoaren eta ikusizko arteen arteko fusioan.
Interprete Gazteen Zikloa
Abuztuaren 22tik 25era, Hamabostaldiak gazteei eskaintzen dien atala aukera ezin hobea izango da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ikasleentzat, aurtengo zikloa osatzen duten bost kontzertuetako interpreteek lotura estua baitute prestakuntza zentro horrekin.
Inaugurazio jardunaldia
Abuztuaren 3an, Musika Hamabostaldiari hasiera emateko doako kontzertuak izango dira hiriko hainbat tokitan: eguerdian, Anacronia Ensemblek ganbera-kontzertua emango du udaletxeko osoko bilkuren aretoan; arratsaldean, agertoki berean, Nacho Castellanos & Gato Murr taldeak ahots, bioloi eta klabe errezitaldia emango du; eta, ondoren, udaletxeko terrazan, Kresala Dantza Taldeak euskal nabigazioaren Urrezko Aroaren inguruko Zerumugan ikuskizuna taularatuko du. San Bizente elizan Vocalia Taldeak Anima sakra programa kantatuko du (Mendelssohn, Poulenc eta Arnesen obrak).
Ikusi Musika Hamabostaldiaren inguruko informazio osoa esteka honetan.