Jardun Artistikoentzako Institutuaren laugarren edizioa hasi da
Tabakalerak, Artium museoak eta Oteiza fundazioak antolatzen duten JAI, Jardun Artistikoentzako Institutua gaur hasi da Gasteizko Artium museoaren instalazioetan. Datozen hiru hilabeteetan, eskolaren laugarren deialdian hautatutako hamasei kideek parte hartuko dute ikasketa-programa honetan. Erakunde bakoitzaren programari lotutako nazioarteko artistak izango ditu irakasle. JAI udako eskolaren muina praktika artistikoa da. Ikerketa, ekoizpena eta lan kritikoa sustatzea du helburu.
Truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune bat ezartzeko asmoa duen udako eskola gisa aurkezten da JAI. Horretarako, jatorri desberdineko nazioarteko ahots profesionalak etorraraziko dira programara, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko eta bere lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko duen ahalmenaz ohartzeko gai direnak.
Irakasleak, laugarren edizio honetarako deialdia sustatzen duten erakundeen erakusketetan eta programa publikoetan parte hartuko dutenak, honako hauek dira: Zach Blas (Point Pleasant, West Virginia, AEB, 1981), Erick Beltrán (Mexiko Hiria, 1974), Anna Daučíková (Bratislava, Eslovakia, 1950), Xabier Erkizia (Lesaka, 1975), Kiluanji Kia Henda (Luanda, Angola, 1979), Julia Spínola (Madril, 1979), Miranda Pennell (Londres, 1963) eta Azucena Vieites (Hernani, 1967).
Programaren tutoretza Ibon Aranberrik (artista), Asier Mendizabalek (artista eta KKHko, Stockholmeko Royal Institute of Art-eko irakaslea) eta Itziar Okarizek (artista) egingo dute. JAIren Ikerketa Batzordea Catalina Lozanok (Artium Museoko komisario-burua), Oier Etxeberriak (Tabakalera KGNZko programa publikoen arduraduna, Donostia) eta tutoreek osatzen dute.
Prestakuntza-saioak ekainean, uztailean eta abuztuan egingo dira. Ikastaroa Artium Museoan hasiko da eta uztailetik Aurrera, eta abuztu osoan, Tabakaleran jarraituko du. Abuztuan, parte-hartzaileek egonaldia egingo dute Altzuzan, Jorge Oteiza Fundazio Museoa dagoen herrian.