San Bartolomeko salmentaren inguruko azalpenak eskatuko ditu EH Bilduk
Donostiako Udalak erabaki du haren jabetzako partzela San Bartolome Muinoa sozietateari 1.750.800 euroren truke zuzenean saltzea, eta EH Bildu kritiko agertu da operazioarekin: “Eragiketak zein interesi erantzuten dion argitu nahi dugu, horretarako beharrezkoak diren azalpenak eskatuz”. Udalak partzela saldu izanak “harritu” egin ditu EH Bildukoak, gaineratu dutenez. Bestalde, Dendartean merkatarien elkarteak errekurtsoa aurkeztu du udaletxean, salmentaren aurka.
“Nahitaezko birpartzelazioa egin ahal izateko ezinbestekoak diren baldintzak ez dira eman kasu zehatz honetan. Are gehiago, aurretiaz adostutako akordio baten emaitza dela dirudi, merkataritza gunera bideratutako lur zatiaren besterentzea hobetu eta erraztu nahi baitu; hau da, proiektu polemikoa erraztu nahi du. Udalak nahierara saldu du udal jabetza bat legeriak exijitzen duen lehiaketa deitu gabe, ondare publikoa denean egin behar den moduan”, salatu du oposizioko taldeak.
Juan Karlos Izagirreren alderdiaren ustez, “San Bartolome Muinoa sozietateak aurreko birpartzelazioan (birpartzelazio-proiektuaren 2. aldaketa, 2017ko urtarrilean behin betiko onartua) adjudikatutako jabetzak aldatzeko duen komenigarritasunari erantzuten dio eragiketak, zehazki, konprometitutako lurzatiaren etorkizuneko salerosketa errazteko”. Halaber, ohartarazi dute “ezkutuko transmisio bat egitea, nahitaezko birpartzelazioaren figura erabiliaz eta horretarako eskatzen diren lege eskakizunak bete gabe, botere desbideratzea izan litekeela”. “Gainera, adostutako salmenta prezioa udal zerbitzu teknikoek aurreikusitakoa baino txikiagoa izan liteke; 146.000 euroren azpitik”, gehitu dute.
Horren guztiaren aurrean, EH Bilduk iragarri du azalpenak eskatuko dizkiola udal gobernuari, galdetuz ea zergatik aldatzen den orain birpartzelazioa eta zertarako egiten den hori.
Aipaturiko lur zatian, San Bartolome muinoaren hegalean, 8.000 metro koadro baino gehiagoko merkataritza zentro handi bat eta 200 plaza baino gehiagoko aparkaleku bat eraikitzea aurreikusi dute. Horretarako, udalak San Bartolomeko Plan Berezia onartu zuen, eta horren aurkako helegitea aurkeztu zuen Dendartean elkarteak, beste hainbat elkarte eta eragilerekin batera. Egun gutxira onartu zuen errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako 2 zenbakiko Epaitegiak.