Argazki erakusketa, gazte migranteen bizitzak ezagutzeko
Nagore Legarreta artistaren laguntzarekin sortutako argazki erakusketa ekainaren 9tik uztailaren 31ra egongo da zabalik.
Ekainaren 9an, Tabakalerak Ireki, elkartu, eraiki. Hurbiltzeak eragin egiten digu argazki erakusketa inauguratuko du eraikinaren bigarren solairuan. Erakusketak Harrotu ileak proiektuan parte hartzen duten gazteen istorio eta ibilbide pertsonalen erretratuak erakusten ditu eta Donostiara iritsi berri diren eta egoera zaurgarrian dauden gazteek egindako ehun bat argazki biltzen ditu erakusketak.
Bitartekaritza proiektu hori, Donostiara iritsi berri diren gazteen eta artisten artean garatzen da: “Kalteberatasun egoeran dauden gazteak aintzatesteko, hausnartzeko eta elkartzeko lan-gune bat izateko helburuarekin sortu zen”. Esparru horretan, astero-astero, zentroak gazte talde bat hartzen du, eta, artearen eta kulturaren eremutik, Tabakalerako eraikinean bizi diren errealitateei buruzko iruditeria berrien eraikuntza kolektiboa lantzen du.
Erakusketan ikusgai dauden argazkiek Harrotu Ileak proiektuan parte hartzen duen gazteen gehiengoak partekatzen duen bizi-esperientzia islatzen dute. Parte-hartzaileen erretratuak azaltzen dira, eta haien historia eta ibilbide pertsonalak ezagutu ditzakegu. Jatorrizko lekua eta familia erakusten dituzte, atzean geratu den denbora-espazio bat sinbolizatzen duen abiapuntu gisa, baita honaino iristeko bidaia ere, beste leku baterako igarobide gisa, bizi-baldintza hobeen bila. Donostiako errealitate berri bat ere erakusten dute, lagun berriek markatuta dagoena, eta lan bilaketaren, formazio ezberdinen eta Tabakalerako arratsaldeen arteko errutina.