Izagirrek bere hautagaitza aurkeztuko du gobernua osatzeko
Hurrengo larunbatean, hilaren 17an, maiatzaren 28ko udal hauteskundeetatik ateratako udal korporazioa osatzeko batzarra egingo dute, eta EH Bilduko Juan Karlos Izagirrek iragarri du bere hautagaitza aurkeztuko duela, EAJk eta PSE-EEk dagoeneko “udal gobernuaren osaketa itxita eta adostuta” badute ere. Hain zuzen ere, jeltzaleen eta sozialisten zuzendaritzek adostu dute ahal duten erakunde guztietan gobernua osatzea. EH Bilduren “erabakia donostiarrekin eta Donostiarekin hartu duen konpromisoaren bermea da”, alderdiak ostegun goizean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez.
EH Bilduk azaldu du Izagirre asteazken arratsaldean bildu zela Eneko Goia jarduneko alkatearekin, eta hauteskundeetan lortutako emaitza onen harira, Izagirrek Goiari gogorarazi zion zortzi zinegotzirekin, bigarren indarra izaten jarraitzen dutela, “are eta posizio indartsuago batean, gainera. Apenas mila botoko aldearekin”. “Lehen indarretik oso hurbil egon arren, ordea, bileran helarazi zaigun mezua argia izan da: udal gobernuaren osaketa itxita eta adostuta dute dagoeneko, eta orain arte indarrean egon den formula errepikatzera datoz EAJ eta PSE-EE. Nahiz eta hauteskundeen emaitzekin herritarrek argi adierazi norabide aldaketa bat beharrezkoa dela, formulak eskaera honi erantzuten ez diola uste dugu”, kritikatu du oposizioko alderdiak.
“Erabakiak adostasunetik hartuko ditugu”
Donostiak “lehentasunezko gaiak” dituela nabarmendu du Izagirrek, eta horietako bat zirkulazioaren kudeaketa dela deritzo: “Berriro ere, aldebakartasunetik iritsi dira norabideetan aldaketak [metroaren lanek eragindako aldaketei erreferentzia eginez]. Aldez aurretik denborarik gabe iragartzeaz gainera, berriro ere prentsaren bidez izan dugu aplikatzear ziren neurrien berri. Gardentasun falta izugarria da. Hauteskundeen emaitzen ostean hiritarren mezua jaso zutela adierazi arren, betikoak betikoa egiten segitzen dutela frogatzen dugu”.
Horrela, mugikortasunaren gaiari irtenbide bat bilatzeko “mahai bat eratzea” proposatu dute: “Kezka bat badago eta ezinbestekoa da erabiltzaile zein inplikatutako askotariko agenteekin elkarrizketak sustatzea, ahalik eta adostasun mailarik handiena erdiesteko helburuaz”.
Lehentasunekin jarraituz, turismoaren eta etxebizitzaren gaiei heltzearen garrantzia nabarmendu du Izagirrek: “Turismoari dagokionez, moratoria bat dago indarrean, baina epe motzeko neurria da. Zer gertatuko da apiriletik aurrera? Guk argi esan genuen eta argi diogu: behin behineko moratoria hau luzatu behar da auzo bakoitzaren karga zein den definituko duen ikerketa egin arte bederen. Bitartean, elkarrizketak sustatu eta bizilagunekin elkartu eta haiek entzuteko unea da besteak beste konpentsatuko dituen inbertsioak identifikatzeko eta ordenantzak eguneratu eta aplikatzeko”.
Etxebizitzari buruz, EH Bildukoak nabarmendu du ez dagoela “Etxebizitzaren Legea indarrean dago eta hura aplikatzeko aitzakiarik”. “Hala, etxebizitza hutsen errolda ofiziala egiteko garaia ere bada ondoren horiek alokairuaren merkatura ateratzeko. Era berean, alokairuaren prezioak mugatu behar dira legeak horretarako tresnak jartzen dituelako udaletxeen esku. Gure konpromisoan berresten gara”, gehitu dute.
La Cumbre
Mugikortasunaz, turismoaz eta etxebizitzaz hitz egiteaz gain, Aieteko La Cumbre jauregiari buruz ere hitz egin du Izagirrek: “Memoria Demokratikorako Legea iragan urrian onartu zen Madrilen EH Bilduren babesari esker, eta, honen bidez, urtebeteko epean eraikinaren esleipena gauzatuko zela adostu bazen ere, espazioa udalaren esku utziz, udal gobernu honek ez du momentuz mugimendurik egin. Nafarroan, ordea, egoera oso bestelakoa da, han Ezkaba memoriarako espazio gisa berreskuratzeko lanean jarri baitira Foru Gobernua eta Madrilgo exekutiboa, hitzarmen bidez. EH Bildutik konpromiso irmoa agertzen dugu beharrezkoak diren urratsak berehala eman daitezen, Donostiara itzuli dadin La Cumbre eraikina. Eta, zentzu horretan, denboran gehiago luzatu ez dadila eskatzen diogu udalari”.