Naroa Agirre omenduko dute belaunaldien arteko krosean
Zorroaga fundazioak XV. Belaunaldien Arteko Krosa egingo du igandean, hilaren 11n. Zorroagako lorategiak 250 metroko belar naturaleko zirkuitua bihurtuko dituzte. 8 eta 14 urte bitarteko haurrek, eta 50 urte baino gehiagokoek parte har dezakete krosean. Horrela, izen ematea irekita dago interesatuta dauden pertsona ororentzat eta ikastetxe nahiz atletismo eskolentzat.
10:00etatik aurrera, adinak eta distantziak kontuan hartuta, hainbat lasterketa egingo dituzte. Egoitzan dauden egoiliarrei ere aukera emango diete zirkuitua ezagutzeko paseoen bidez.
Horrez gain, goizean zehar Naroa Agirre atleta donostiarra omenduko dute, pertika jauzian izan zuen ibilbide arrakastatsuarengatik. 2017an hartu zuen erretiroa.
Berreskuratu dute
Zorroagako krosa 2004an ospatu zen lehenengo aldiz. Familia bereko hainbat belaunaldi lasterketa berean biltzeko asmoarekin sortu zen. Koronabirusaren ondorioz, zenbait urtetan ez dute antolatu, baina aurten berreskuratzea erabaki dute.