Rap doinuak eta altxorraren bila jolasa, lehenengoz, Larratxon
Lau eguneko egitaraua prestatu du auzoko jai batzordeak, eta publiko zabalarentzako ekitaldiak izango dira goizetik gauera. Hainbat berritasun izango dituzte auzoko jaiek, eta, besteak beste, mariatxien kontzertua berreskuratu dute.
Larratxoko jaiei gaur emango diete hasiera, eta astelehenera arte, egitarau zabala prestatu du auzoko jai batzordeak. Otsailean hasi ziren guztia antolatzen, eta urteroko ekitaldiez gain, aspaldian antolatzen ez zituzten beste batzuk berreskuratu eta gauza berriak ere txertatu dituzte programan. Hamar pertsonek osatzen dute Larratxoko jai batzordea, eta taldeko emakume bakarrak, Naiara Crujeirasek (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1986) eman digu aurtengo egitarauaren berri.
Haurrentzako txokolate janarekin hasiko dute jaietako egitaraua, eta ondoren 3×3 futbol txapelketa egingo dute Larratxoko eskolan. Jarraian, haurrentzako ikuskizuna eskainiko du plazan DJ Kaktusek, eta horren ostean iritsiko da jaietako momenturik preziatuenetako bat: txupinazoa eta Holi festa. “Sekulako arrakasta izaten du festa horrek”, ziurtatu du Crujeirasek. Horrela lehertuko da jaia Larratxon, eta gaurtik aurrera, goizetik gauera gozatzeko aukera izango da bertan.
DJ jaialdia eta rap lehiaketa
Musikari dagokionez, orain arte, rocka izaten zen Larratxoko kontzertuetako protagonista, baina aurten aldaketa bat egitea pentsatu dute. “Gazteentzako ez genekien zer antolatu, eta rapa eta DJ-ak modan daudenez, probatzea erabaki dugu. Horregatik, DJ jaialdia antolatu dugu gaurko, eta bihar rap lehiaketa egingo dugu”, zehaztu du Crujeirasek.
Bihar, 22:30etik aurrera, Larratxoko eskolan Johnytronic, Beti eta Txolas DJ-en musikarekin dantzatzeko aukera izango da. Etzi, aldiz, 19:30ean hasiko da rap lehiaketa, toki berean. Gauean, jarraipena izango dute rap doinuek, 23:00etatik aurrera, Oreja 14, ELC 310 eta SNKT rap abeslariak igoko baitira oholtzara.
Musikari dagokionez, aspaldian antolatu ez duten ekitaldi bat berreskuratu dute Larratxon: mariatxien kontzertua. “Jende helduari asko gustatzen zaizkio mariatxiak, eta urtero galdetzen ziguten ea bazetozen ala ez. Aurten haiei kasu egitea erabaki dugu, eta mariatxiak izango ditugu”, azaldu du Crujeirasek. Igandean ikusi ahal izango da Roberto Urrutia eta bere mariatxien ikuskizuna, 19:00etan, Larratxoko plazan.
Paella lehiaketa arrakastatsua
Crujeirasen arabera, Larratxoko jaietan paella lehiaketa izaten da ekitaldirik “bereziena”. “Jendeari asko gustatzen zaio. Parte hartzeko aurretiaz deitu behar da, eta epea zabaltzen denean, esajeratu gabe, lehenengo hogei minututan 30 pertsonak baino gehiagok deitzen dute izena emateko. Beti betetzen dira lekuak”, nabarmendu du.
Etzi egingo dute XI. paella lehiaketa, Larratxoko eskolan, 12:00etatik aurrera. Bikoteka prestatuko dituzte paellak, eta aurten, 30 bikoteko muga jarri dute. “Beste urteetan hogei edo 25 bikote izaten genituen, baina aurten jende gehiagorentzat zabaltzea erabaki dugu, badakigulako auzotarrek parte hartu nahi dutela. 50 bikoterentzako lekua izango bagenu, badakigu 50 bikotek emango luketela izena”, aitortu du Crujeirasek. “Paella lehiaketaren arrakastaren adibide da lehiaketa 12:00etan izanda ere, jendeak egun horretan bertan 17:30ean deitu izan duela, parte hartzeko asmoz”, gehitu du.
Paellak prestatu ostean, 14:00etan egingo dute sari banaketa. Hor ere aldaketak izango dira aurten: “Aurten saria aldatu dugu dena garestiago dagoelako. Lehen, bikote garaileak bazkari edo afari bat irabazten zuen Arzak jatetxean. Ordea, aurten diruz justuago gabiltza, eta bazkaria edo afaria Petritegi sagardotegian izango da”, adierazi du.
Lehiaketaren ostean, paella jana egingo dute, 14:30ean, Larratxoko eskolan. Ondoren, mus txapelketa izango da Indarra tabernan, eta etxeko txikienek II. Gazte Olinpiadez gozatzeko aukera izango dute, Larratxoko Gaztelekuaren eta Haurtxokoaren eskutik.
Aitona-amonentzako dantzaldia izango da ondoren, eta 18:30ean, apar festaren txanda izango da. Gauean, 21:00etan, herri afaria egingo dute plazan, eta ohikoa denez, sardina eta saiheskia izango dira menuan. Gaua biribiltzeko, 00:30ean, zezensuzkoa abiatuko da Larratxoko plazatik.
Altxorraren bila jolasa, lehenengoz
Igandean, Sagardo Eguna izango dute Larratxon, eta horrekin batera, beste berritasun bat izango dute jaietan: altxorraren bila jolasa. “Hori antolatzen dugun lehenengo aldia da. Sagardo Eguna denez, gehienbat helduentzako jarduerak izaten dira. Hori dela eta, pentsatu genuen zerbait egin genezakeela egun horretan haurrek ere beraientzako jardueraren bat izan zezaten”, azaldu du Crujeirasek.
Jai batzordeko kide baten ideia izan zen altxorraren bila jolasa antolatzea, eta “arrakasta handia” izan du egitasmoak. “Gutxi gorabehera, 72 haurrek eman dute izena. Sare sozialetan zabaldu gennuen deialdia jendeak izena eman zezan, eta azkenean, hamabi laguneko sei talde osatu ditugu”, adierazi du. Altxorra bilatzeko abentura 12:00etan hasiko dute haurrek, parkean.
Gaztetxoentzat antolatu duten beste ekitaldi bat erraldoien eta buruhandien kalejira da. Bihar, etzi eta igandean ibiliko dira auzoko kaleetan gora eta behera, baina aurten, kalejira horiek ixteko nolabaiteko zailtasuna izan dutela azaldu du Crujeirasek: “Guk Donostiako Festakekin antolatzen ditugu jaiak, eta esan ziguten kalejira horietarako Mugikortasuneko agenteek etorri behar zutela kaleak ixtera. Mugikortasunekoek baimena eman ziguten ibilbide horiek egiteko erraldoiekin eta buruhandiekin, baina esan ziguten ezingo zirela etorri, Top 14 errugbiko txapelketan egon beharko zutelako guztiek. Beraz, peto batzuk utzi dizkigute, eta guk egin beharko ditugu zirkulazio mozketa guztiak”.
Jai batzordeko kideen ustez, ez da gauza bera Mugikortasuneko agente baten ordez beraiek jartzea zirkulazioa mozten, “jendeak kasurik ez egiteko arriskua dagoelako”. Horiek horrela, auzotarrei laguntza eskatu eta erraldoien eta buruhandien kalejiretan tentuz jokatzeko eskatu dute, ezbehearrik gertatu ez dadin.