Artikutza
Donostia ez da soilik postaletako Kontxako hondartza, badia, surflariez jositako Zurriola eta parke tematiko bihurtu duten Parte Zaharra. Donostiarren jabetzak Gipuzkoako mugak gainditzen ditu, Nafarroaraino iritsiz.
Donostiar batzuek ezagutu ez arren, Donostiak Nafarroan etxalde bat dauka, Goizuetako lurretan, hain zuzen ere. Finkak 3.700 hektarea hartzen ditu. Jatorriz, Nafarroako erregearen jabetza zen, gero horrek Orreagako Kolegiatari eman zion eta desamortizazioaren ondorioz esku partikularretara pasa zen. Mendez mende Artikutza ustiatuta egon da; hasieran aziendak larratzeko alokatuta, gero zenbait burdinola eraiki ziren egurra ikatz egiteko eta burdina bertan zeudela aprobetxatuz.
XX. mendeko hasieran, Donostiako Udalak, ur hornidura ziurtatzeko asmoz, finka erosi zuen. Garai hartan, Artikutza soilduta zegoen aurreko mendeetan egindako aprobetxamenduen ondorioz. Ur kalitatea bermatzeko, udalak bertan bizi ziren biztanle ia guztiak aterarazi zituen, finka osoa itxi, espezie desberdinetako zuhaitz kopuru handia landatu eta bisitariak, aziendak eta ibilgailuak ibiltzea debekatu zuen, besteak beste. Horrela mantendu da, ia-ia ukitu gabe, gaurdaino.
Betidanik saldu egin digute Artikutza donostiarrentzako altxorra dela, paradisua zirudien, baina egun altxor hori arriskuan egon liteke zerbait egiten ez badugu. Azken urte hauetan inguruko udalen eskaerak emendatzen doaz; abereak Artikutza barruan izateko betetzen ez diren itun batzuetara iritsi ziren. Itxitura perimetrala kendu zen, ondorioz, abereak ez ezik, motorrak, mendiko bizikletak eta autoak finka barruan ibiltzen dira. Turismoa bultzatu nahian edo, ondoko udalek Donostiako Udalari bide berriak markatzeko eta zeudenak egokitzeko eskaera luzatu zioten, bide sarea zabalduz eta makinaz egindako moldaketak hainbat bide zahar desitxuratuz.
Egun, autoz Artikutzara sartzeko bi pista daude. Lehenengoa da Oiartzundik Bianditz aldera doan errepidea jarraiturik, Eskaseko guardetxeko langa pasata, herrira jaisteko sei kilometroko asfaltatutako bidea. Bide honetan baimendutako ibilgailuak baino ezin dira ibili. Bigarrena Goizuetako mugan kokatuta dago, handik mendiko pista bat herriraino iristen da Elama erreka jarraituz. Pista hori itxita egoten da, eta soilik bertako langileek erabili dezakete.
Iaz, turismoa bultzatzeko asmoz, Goizuetako Udalak Donostiakoari pista hori irekitzeko eskatu zion. Ez dakigu zer motatako turismoa lagundu nahi duen Goizuetako Udalak, leku guztietara autoz hurbiltzen dena akaso? Donostiako Udalari gehiegi iruditu zitzaion eskaera hori eta «soilik» Elama bailarara pasatzeko pista moldatu eta aparkaleku bat prestatu zuen. Aipatu behar da Elama bailara Artikutzako zatirik basatiena dela, eta, orain, autoz betetzeko arriskua dago, turistenak zein ehiztarienak.
Duela urte batzuk, Europak lagunduta, zenbait errekatan faunaren pasea galarazten dituzten oztopoak, presak, kanalak eta antzeko egiturak, kentzen hasi ziren. Arestian aipatu moduan, Artikutza ur erreserba izateko urtegi gisa eraiki zen, baina beherago Añarbeko urtegia egin zutenean hura funtziorik gabe geratu zen. Oztopoa kentzeko, paretari zulo handi bat ireki zioten eta urtegia hustu zuten. Horrela, errekako konektibitatea hobetu zen, besteak beste, kinka larrian dagoen ur satorraren (Galemys pyrenaicus) mugikortasuna hobetuz.
Hasiera batean, udalaren asmoa urtegiko pareta mantentzea zen, akaso eginiko zuloa handituz, balizko uholdeetan oztopoa ez izateko. Jakin berri dugu, ordea, Iparraldeko Ur Konfederazioak segurtasunaren izenean udalari horma osoa kentzeko eskatu diola. Horrek suposatuko luke pareta kentzeko lanak urteetan luzatuko liratekeela, ondorio latzak ekarriz; esaterako, zarata, hautsa eta isurketen arriskua. Gainera, hondakinak Goizueta aldera ateratzen badituzte, egungo pista moldatu beharko lukete, hura zabalduz. Horrek Elama errekan ondorioak izango lituzke, etxaldeko zatirik basatiena kaltetuz.
Antzeko kalteak sortuko lirateke kamioien zirkulazioa Oiartzun aldera bideratzen bada, dagoen errepidea estua baita, hura ere zabaldu behar izanez. Gainera, Oiartzungo errepidea ere estua izan eta bihurgunez josita egoteaz gain, Aiako Harria Parke Naturalean barrena abiatzen da, inpaktuak areagotuz.
Donostiako Udalari zuzenean hauxe galdetu nahi diogu. Batetik, zer bisitari mota nahi ditu udalak Artikutzarako? Autoarekin basoaren bihotzeraino sartzen direnak ala etxalde mugetan autoa uzten dutenak, eta basoaren bihotzean oinez ibiltzen direnak? Eta, bestetik, zer egingo du urtegiko paretarekin? Zutik mantentzen bada, zer proposamen ditu udalak hori naturalizatzeko? Eta, eraisten bada, nola kudeatuko du prozesua?
Artikutzarekin udalak gauzak argi ez dituela iruditzen zaigu eta kezkatzen gaitu. Ez dago epe ertainerako planik eta ematen du inguruko udalen, abeltzainen eta ehiztarien esanetara dagoela. Artikutza galbidean ikusten dugu, noraezean. Agian, lelo zaharrak atera beharko ditugu gure memoriatik, eta Artikutza salba dezagun esaldia lau haizetara zabaldu.