Donostiako familia bat etxegabetze arriskuan dago
Kaleratzeak Stop plataformak jakinarazi duenez, Donostian alokairuan bizi den familia bat etxegabetu nahi du Laboral Kutxak. Horren aurrean, agerraldia egingo dute astelehenean (hilak 12), 11:00etan, banketxeak Askatasunaren hiribidean duen egoitzan, “Laboral Kutxak asteazkenerako (hilak 14) agindutako etxegabetzea, Magdarena, Luisena eta euren seme-alabena, gelditzera deitzeko”. Magda eta Luis agerraldian egongo dira.
Plataformak azaldu duenez, Laboral Kutxak ostegunean jakinarazi zien maizterrei ez duela bertan behera utziko etxegabetzea, “nahiz eta enplegu prekarioak dituen familia kaltebera honek epaitegian ordaindu berri duen etxegabetze aginduan erreklamatzen zieten 3.949 euroko zorra”. Martxora bitarte zor zutena zen hori, eta, berriki, astelehenean, orain arte pilatutako 1.616 euroko zorra ordaindu dute, plataformaren arabera. Etxegabetzearekin aurrera jarraitzeko, “Laboral Kutxak alegatu du erreklamatutako zorraren ordainketa ezarritako legezko epetik kanpo egin dela”, Kaleratzeak Stopek salatu duenez.
Banketxearen jarrera “sarraskijalea” dela nabarmendu du plataformak, eta herritarrak etxegabetzearen aurka mobilizatzera deitu ditu, baita Donostiako Udala bitartekaritza lanak egitera deitu ere, kaleratzea saihesteko. Familiak zazpi urteko alokairu kontratua sinatu zuten bankuarekin 2020ko urtarrilean, eta, pandemiaren ondorioz, ezin izan zuten 700 euroko errentaren kuoten zati bat ordaindu. Horren ondorioz, etxegabetze demanda jarri zuen banketxeak epaitegian, martxoaren 23an.
Berriki, beste gizon bat etxegabetze arriskuan egon da Donostian, baina, azkenean, alternatiba bat lortu zuten berarentzat. Gogoratu behar da 2015ean, Donostiako Udalbatzarrak “etxegabetzerik gabeko hiri” izendatu zuela Donostia. Ordutik, hainbat eragilek “isilpeko kaleratzeak” gertatu direla salatu dute hainbatetan; hau da, etxebizitzaren prezioarekin eta kontratuen baldintzekin espekulatuz prezioak etengabe igo dituzten etxejabe handi zein txikien jardunak bizilagun asko euren etxeetatik joan behar izan dira. Ordea, iazko martxoan, etxegabetze bat gertatu zen bere horretan, Iñaki Setien eta Rosa Maria Arratibel Groseko bizilagunena.