Donostiar batek Sorian pairatutako erasoa salatzeko mobilizatuko dira
Ion Aranburu Antiguako bizilagunak ultraeskuindar talde baten erasoa jasan zuen pasa den maiatzaren 27an Sorian (Espainia), eta koman dago ordutik. Horregatik, gertatutakoa salatzeko eta donostiarrari babesa adierazteko elkarretaratzera deitu dute haren senideek eta lagunek. Ostegunean (hilak 15) izango da mobilizazioa, Antiguako Gaskonia plazan. Biktimaren gertukoek jarraian ikus dezakezuen bideoa zabaldu dute, elkarretaratzera deitzeko.
Numancia eta Cornella taldeek larunbatean Los Pajaritos estadioan jokatu zuten partidaren harira zegoen donostiarra Sorian, Cornellako lagunekin partida ikustera joan baitzen hara. Istiluak estadioaren inguruko taberna batean gertatu ziren, ultraeskuindar talde bat barruan zeudenak erasotzera sartu zenean, tartean koman dagoen donostiarra. Haren gertukoek zabaldu duten informazioaren arabera, Leganesko (Madril, Espainia) Guetto 28 eta Zaragozako (Aragoi, Espainia) Ligallo talde ultraeskuindarretakoak ziren erasotzaileak.
Erasoaren ondorioz, lurrean botata gelditu zen gizona, buruan zauri bat zuela. Burgosko ospitalera eraman zuten, eta besteak beste burezurrean eta belarriko hezurrean hausturak bazituen ere, hara kontziente iritsi zen. Ordea, mintzamenean inkoherentziak atzeman zizkioten, eta koma eragitea erabaki zuten medikuek. Koman jarraitzen du ordutik, egoera larrian.