Gazteak eta adinekoak, eskurik esku auzoa egiten
Munduko Auzoekin egitasmoari esker, Adsis fundazioko ikasleek eta Bidebietako jubilatuek elkarlan bat egin eta Guardaplata jubilatuen etxeko hainbat material berritu dituzte. Ikasle horiekiko estigma ezabatzeko beharrezko proiektu bat izan dela uste dute.
Gazteak adineko pertsonengandik urrun daudela esan ohi da sarritan, eta baliteke urte kopuruan dagoen aldeagatik edo bakoitzaren gustuengatik kasu askotan horrela izatea. Baina badira aukerak hori aldatzeko eta elkarrekin auzo indartsuago bat egiteko; Bidebietan gisan. Auzoko Adsis fundazioko ikasleek eta Guardaplata jubilatuen etxeko kideek elkarlan bat egin dute aurten, eta, horri esker, Guardaplatan zaharkituta zituzten bankuak, toka jokoa eta leihoetako hesiak eraberritu dituzte ikasleek, besteak beste. Astelehenean inauguratu zituzten, eta jubilatuen etxean elkartu ziren ikasleak eta adineko pertsonak, elkarrekin hamaiketako dotore bat egiteko.
Partaidetza komunitarioa sustatzen duen Munduko Auzoekin egitasmoa dago proiektuaren oinarrian. Proiektu pilotua 2020an hasi zen Bidebietan, Donostiako Udaleko Lankidetzako diru laguntza bati esker. Maitane Zaldibarrek, Munduko Auzoekin egitasmoko koordinatzaileak, azaldu ditu xehetasunak: “Proiektua sortu zen ikusi genuelako Adsis Fundazioak hogei urte daramatzala auzoan, baina ez duela auzoarekin harremanik. Ikasle asko migranteak dira, eta beste askok etxean arazoak dituzte. Orokorrean, beraiekiko estigma handia dagoela iruditzen zait. Beraz, interesgarria iruditu zitzaigun zentroa auzoarekin harremanetan jartzea, eta diru laguntza horren bitartez, lehenengo diagnostiko bat egin zen. Hainbat eragile identifikatu genituen, eta identifikazio horren harira, planteatu genuen zer egin nahi zen auzoan bertan. 2021ean, esperientzia pilotua abiarazi zen, eta eragile desberdinekin elkarlanean, loreontzi batzuk jarri genituen Bidebietan”.
Adsisen bi ikaskuntza desberdin daude: batetik, Bigarren Aukerako Eskolak delakoak —ikastetxeetan matrikulatuta dauden ikasleak, baina Adsisera joaten direnak ez daudelako eroso beraien espazioetan—. Eta bestetik, Oinarrizko Lanbide Heziketa —DBHko graduatua ez dutenentzat—. Lehengo urtean, Oinarrizko Lanbide Heziketako ikasleek hartu zuten parte, eta, orain, proiektu hau gauzatu dutenak Bigarren Aukerako Eskoletakoak izan dira.
Hasierako proiektu pilotu hari esker, hainbat harreman sortu ziren, eta pixkanaka, “modu nahiko organiko eta sinplean”, jubilatuen elkartearekin harremanetan jarri ziren. Arturo Gil Guardaplatako presidentearen arabera, “sinplea” izan zen aurtengo proiektua abiaraztea: “Jubilatuen etxeko tabernan Adsiseko irakasle batekin elkartu ginen, eta horrela sortu zen ideia. Azaldu zigun jende gaztea zegoen eskola bat zutela, eta esan zigun gazte horiek laguntzeko prest zeudela, nahi bagenuen. Nik esan nion primeran zetorkigula, izan ere, banku batzuk oso egoera kaskarrean genituen, eta horiek berritzeko beharra genuen. Horrek diru asko gastatzea suposatzen zuen guretzat, eta Adsiskoek esan ziguten ez kezkatzeko, beraiek egingo zutela”.
Horiek horrela, pintura eta gainerako materiala ordaindu zituen Guardaplatak, eta ikasleek boluntarioki egin zuten lan guztia. “Zoragarri utzi digute dena. Bankuez gain, beste gauza batzuk ere berritu dituzte, eta oso pozik gaude elkarlan honekin”, nabarmendu du Gilek.
Estigmari lekua kendu nahirik
Proiektuak auzoan oihartzuna izan duela nabarmendu du Zaldibarrek, eta bere ustez, “oso aukera polita” da auzotarrek ikusteko Adsiseko ikasleak ez direla “porruak erretzen dituzten eta dena zikina uzten duten pertsona zail batzuk”. Horren ordez, eta horrelako proiektuekin, argi erakutsi nahi dute gazteek gauzak egiteko “gogoa eta interesa” dutela. Horrez gain, ikasle horiek “zaurgarritasun” egoeran daudenez, beraiek ahalduntzeko “sekulako aukera” iruditzen zaio Munduko Auzoekin egitasmoko koordinatzaileari.
Guardaplatako presidentea ere iritzi berekoa da: “Egia esan, berehala egin genuen sekulako harremana gazteek eta helduok. Esaten dute gazte hauek pixka bat jendilaje direla, baina nik ez dut halako ezer nabaritu, kontrakoa baizik; bikain portatu dira eta lan bikaina egin dute. Oso pozik gaude beraiekin”.
Lurdes Fernandez Guardaplatako zuzendaritza batzordeko kidearen ustez, “ikusgarritasun handiagoa” eman behar zaio Adsis ikastetxeari eta bertako ikasleei, “lan oso ona eta ahalegin handia egin dutelako”. “Primeran portatu dira, eta ezin dugu jendea estigmatizatuta izan. Nik ezusteko handia hartu dut, beti pentsatu izan delako Adsis maila baxuagokoa dela, baina ez da horrela. Jende zoragarria dago bertan, sekulako lana egin dute Guardaplatan, eta gainera, lanean aritu diren hilabete hauetan sekulako poztasuna ematen ziguten etortzen zirenean”, nabarmendu du Fernandezek.
Ikasleak ere pozik
Helduak pozik daude ikasleek egindako lanarekin, eta gazteak, zer esanik ez. Darek Vicandi Adsisko ikaslea da, eta parte hartu du Guardaplatako proiektuan. “Paretak margotu ditugu, lurra garbitu dugu eta bankuak eta toka berritu ditugu. Proiektua lau hilabete inguruan egin dugu, eta gehien gustatu zaidana bankuak berritzea izan da. Metalak lixatu eta margotu egin ditugu, eta berdina egin dugu egurrarekin ere. Margotu ostean, bernizatu egin dugu, eta ondoren, muntatu eta torloju berriak jarri dizkiegu”, azaldu du Vicandik, ilusioz.
Hala ere, “onena” jende helduarekin izan duten harremana dela uste du: “Oso ondo moldatu gara elkarrekin, eta asko eskertzen dute beraiek espazio erosoago bat izateko egin dugun lana. Lehen ez genuen elkar ezagutzen, baina, orain, oso harreman ona dugu”, baieztatu du.
Xuban Olaskoaga, Txomin Igartua eta Penelope Baez ikasleek ere hitz onak besterik ez dituzte proiektuarentzat. “Proiektu polita iruditu zaigu, eta denean hartu dugu parte, gutxi gorabehera. Leihoetako hesiak margotu ditugu, toka eta bankuak eraberritu ditugu, eta lurra eta paretak garbitu ditugu”, adierazi du Olaskoagak. “Bankuak margotzea gustatu zait gehien”, gehitu du Baezek.
Datorren urterako proiektua idazten ari dira dagoeneko, eta Munduko Auzoekin proiektuko koordinatzailearen arabera, auzoarekin elkarlanean jarraitzeko asmoa dute. Halere, aurtengoa biribiltzeko azken ukitua falta da: bazkari bat egingo dute gaur Adsiseko ikasleek eta adineko pertsonek Guardaplatan, elkarrekiko laguntasuna etorkizunerako ere sinatuta uzteko.