Haizearen Orrazia dantzan jarri zuten lehenak
Orquesta Mondragon rock-and-roll taldeak arrakasta handia lortu zuen Euskal Herrian zein nazioartean XX. mendearen bukaeran; bereziki, 1980ko hamarkadan. Ordea, taldea ez zen hamarkada horretan jaio, 1970ekoan baizik, eta donostiarrak izanik, hirian eman zituzten lehenengo pausoak.

Francisco Franco diktadorea hil berritan, 1976an, Javier Gurrutxaga (1958) eta Pedro Aiestaran Popotxo (1951-2020) lagun donostiarrek garai hartan guztiz berritzailea eta apurtzailea izan zen talde bat sortu zuten: Orquesta Mondragon. Rock-and-rolla eta antzerkia modu nahiko basatian uztartuz, arrakasta handia lortu zuten.
Horrela, Muñeca Hinchable (1979) eta Bon Voyage (1980) lehenengo diskoen eskutik, Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Estatuan ere ospea lortu zuten, eta estatutik kanpo ere arrakasta handia izan zuten gerora.
Aski ezaguna da 1980ko hamarkadatik aurrera taldeak egindako ibilbidea, baina ez horrenbeste lehenengo diskoa argitaratu aurretik egindakoa.
Los Angeles ikastetxean hasi ziren
Gurrutxagak Parte Zaharreko San Juan kalean zegoen Los Angeles ikastetxean ikasi zuen –gaur egun, Donostiako Orfeoiaren egoitza da–, eta, hain zuzen ere, ikastetxe horretan eman zuen Orquesta Mondragonek bere lehenengo kontzertua, 1976ko ekainaren 30ean.
Horrela kontatu zuen Gurrutxagak berak El Confidencial egunkariari 2016an eskainitako elkarrizketa batean: «Ziria sartu nien ikastetxekoei, musika pixka batekin koadroak erakutsiko nituela esan nielako. Egia esan, alderantziz zen: rock-and-roll asko egon zen, eta Popotxok koadro batzuk atera zituen, ikuskizunaren erdian modu tamalgarrian erakutsiz. Doan zen, jendez gainezka egon zen eta bizilagunek protesta egin zuten bolumenagatik». Taldearen zuzenekoak nolakoak ziren dakienak (Youtuben hainbat daude ikusgai) badaki ez zirela oso aproposak ikastetxe erlijioso baterako.

‘La Voz de España’ egunkariak Orquesta Mondragon taldearen sorreraren berri eman zuen
1976ko abenduan. (Iturria: Koldo Mitxelenako hemeroteka)
Urte bereko abenduaren 22an eman zuen taldeak bere bigarren kontzertua. Eta, lehenengoa Gurrutxagaren ikastetxean izan bazen, bigarrena Popotxorenean izan zen, Marianisten ikastetxean (hori ere erlijiosoa), Gurrutxagak beste elkarrizketa batean kontatu zuenez. Hain justu, La Voz de España egunkariko Luis Angel Garcia kazetariak urte hartako abenduaren 18an eman zuen taldearen sorreraren eta Marianisten ikastetxeko kontzertuaren berri, Los Angeleseko emanaldia aipatuz. Artikulu horretan bi argazki daude (eskuineko irudian ikusgai), eta ondorioztatu daiteke lehenengo kontzertu horretakoak direla, nahiz eta ez den halakorik zehazten.
Honela aurkeztu zuen egunkari horrek talde donostiarra: «Orquesta Mondragon musikari talde bat da, zehazki hamar musikarikoa, gehienak beste talde batzuetan esperientzia dezente dutenak eta ideia komun bat dutenak. Ikusleak dibertituko dituen ikuskizun bat egitearen ideia, aldi berean kalitatezko musika eskainiz». El chorizo de Johnny Zimbell zuen izena taldeak orduan eskaintzen zuen ikuskizunak, eta aipatutako hedabideak elkarrizketa ere egin zien kontzertuaren bezperan, ikuskizunaren nondik norakoak ezagutzeko.
Txillidatarren aurrean
Gezurra badirudi ere, ikastetxeak izan ziren, beraz, Orquesta Mondragon taldearen lehenengo agertokiak, baina laster eman zuten saltoa bestelako espazioetara. Horrela, 1978ko abuztuaren 27an Haizearen Orrazian jo zuten, eta Gurrutxagak berak 2016an El Diario Vasco-n egindako elkarrizketa batean gogorarazi zuenez, han jo zuen lehenengo taldea izan zen. Donostiako Erakarpen eta Turismo Zentroak eta Discos Ugartek antolatu zuten emanaldia.
Emanaldiaren berri eman zuen La Voz de España-k 1978ko abuztuaren 25ean, eta gogorarazi zuen taldea urtebete lehenago jotzekoa zela han bertan, Aste Nagusiaren egitarauaren barruan; eguraldia dela eta, ordea, ezin izan zuten jo.
Haizearen Orraziko emanaldia berezia izan zen, baina ez soilik leku horretan antolatu zen lehenengo kontzertua izan zelako, baita Txillida familia han egon zelako ere –gogoratu behar da Haizearen Orrazia eskultura Eduardo Txillidarena dela (Donostia, 1924-2002)–. Gurrutxagak hainbat elkarrizketatan aipatu izan du Txillidatarrak han egon zirela.
Ez dakigu Txillidatarrei zer irudituko zitzaien Orquesta Mondragonen ikuskizuna, baina argi dago ordurako ikusmina sortzen hasia zela talde donostiarra, La Voz de España-k beste hedabide batzuetako kroniketan esandakoak jaso baitzituen, besteak beste, El Gran Musical irratsaioan esandakoak: «Herrialde honetan [Espainiako Estatuari erreferentzia eginez] horren ezohikoa da, ia mirari bat dirudiela, edo, agian, salbuespen paregabe bat».